30 OCT. 2025 Arraste ontzien dirulaguntzak eskatu ditu Gasteizko Ganberak 2026ko arraste ontzientzako dirulaguntzaren agindua ahalik arinen argitaratu dezala eta horren ebazpena emateko epe ahalik laburrenak balia ditzala eskatu dio Lakuari Gasteizko Legebiltzarrak. Hala adostu du EH Bilduk, talde proposatzaileak, EAJrekin eta PSErekin. Legebiltzarreko Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Batzordea. (GASTEIZKO LEGEBILTZARRA) GARA GASTEIZ EH Bilduren proposamen bati jarraituz, Gasteizko Legebiltzarrak Lakuako Gobernuari eskatu dio «Bizkaiko Golkoan izurdeak babesteko arraste sareekin arrantzatzen duen euskal flotaren geldialdia konpentsatzeko, 2026ko dirulaguntzaren agindua ahalik eta arinen argitaratu dezala eta laguntza horren ebazpena emateko ahalik eta epe laburrenak balia ditzala». Hala adostu zuen atzo EH Bilduk EAJrekin eta PSErekin. Zuzenketa hori Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Batzordeak onartu zuen, eta atzo gaia eztabaidatu zuen, EH Bilduk eskatuta. Naiara Fernandez Madariaga EH Bilduko legebiltzarkideak akordioaren garrantzia azpimarratu zuen, «armadore eta arrantzale horientzat funtsezkoa baita Jaurlaritzaren laguntzak ahalik arinen jasotzea, urrira arte itxaron behar izan gabe, aurten gertatu den bezala». Izan ere, azaldu zuenez, arraste sareak erabiltzen dituzten itsasontziek hilabetez gelditu behar dute, urtarrilean eta otsailean, Bizkaiko Golkoan zetazeoak, bereziki izurdeak, babesteko asmoz Europar Batasunak ezarritako debekuaren ondorioz. «Bistan da horrek kalte ekonomiko handia egiten diela eta, jakina, haientzat berebiziko garrantzia duela kalte hori arintzeko aurreikusita dauden konpentsazioak, Jaurlaritzak ordaintzen dituenak, lehenbailehen jasotzeak. Horixe da, azken batean, gaur sustatu eta erdietsi dugun akordioaren xedea», adierazi zuen. ETENALDIA Naiara Fernandez Madariaga EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu zuenez, arraste sareak erabiltzen dituzten ontziak hilabetez gelditu behar dira neguan, Europar Batasunak ezarritako debeku bat dela eta.