GARA Euskal Herriko egunkaria

Zaintza zerbitzuak publifikatzeko urratsak egiteko eskatu du LABek lau aldundietan

LABek salatu du aldundiek 2026ko aurrekontuetan zaintza zerbitzuak pribatizatzen jarraitzeko hautua egin dutela, zaintzarekin negozioa egiten segitzeko. Horregatik, norabide aldaketa eta publifikazioren aldeko konpromisoa eskatu ditu Garbiñe Aranburuk.

LABek atzo Iruñean egindako mobilizazioa. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Hego Euskal Herriko gobernu eta foru aldundien 2026ko aurrekontuetan zaintza zerbitzuak pribatizatzen jarraitzeko, zaintzarekin negozioa egin dadin ahalbidetzeko eta sektoreko langileak «prekarizatzen jarraitzeko» hautua egin dela salatu zuen atzo LABek. Horregatik, norabidea aldatu eta publifikazioren aldeko konpromisoa hartzeko eskatu zien sindikatuak gobernuei eta foru aldundiei.

Lau hiriburuetako aldundien aurrean egindako mobilizazioetan, zaintzaren alorreko langileek salatu zuten aurrekontu proiektuetan ez dagoela «zaintzak eskatzen duen eraldaketarako neurririk», Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak Bilbon adierazi zuenez. «EAJ, PSE eta PSNren gobernuek orain arteko eredu merkantilista eta pribatizatzaileari eutsi nahi diote. Ez dago egun indarrean dagoen sistema patriarkal eta koloniala iraultzeko inolako borondaterik. Eta horrek dakarrena da zaintza lanak ez desfamiliarizatzea, ez desfeminizatzea eta zaintza sistema publiko baten aldeko apusturik ez egitea. Horren guztiaren ondorioa zaintzako langileen prekaritatea eta esplotazioa dira», kritikatu zuen Aranburuk. Bereziki, langile «migratuek eta arrazializatuek» pairatzen duten «egoera zaurgarria» nabarmendu zuen, Atzerritarren Legearen ondorioz aurkitzen dituzten traba guztiengatik.

Horregatik, LABek ausardia eta konpromisoa exijitu zizkien Hego Euskal Herriko administrazio publikoei eta aurrekontuen onarpenean diharduten alderdiei, EAJk eta PSE-PSNk bultzatutako «logika pribatizatzaileari ateak ixteko urratsak» egin ditzaten.

Sindikatuaren koordinatzaile orokorrak zenbait aldaketa aldarrikatu zituen, helburu hartuta zerbitzuaren kalitatea hobetzea, zaintzaren egungo antolaketa sozialak emakumeengan eragiten dituen diskriminazio egoerak iraultzea eta zaintzako langileen baldintzak hobetzea. «Eta aldaketa horiek hasten dira zaintza sistema publiko baten aldeko urratsak egitetik, publifikazio prozesuak bultzatzetik eta parekatze prozesuetarako behar adinako diru partidak ezartzetik», esan zuen. Ratioak berrikusteko beharra ere erdigunean jarri zuen Aranburuk.

Aipamen berezia egin zion koordinatzaile nagusiak Arabako eta Nafarroako helduen egoitzetako hitzarmenaren «blokeoari». «Arduradun instituzionalak dira blokeo horren erantzule nagusiak», azpimarratu zuen, eta eskatu zien «blokeo hori gainditzeko neurriak hartzeko».

Azkenik, pribatizatutako zaintzako langileak euskalduntzeko neurriak adostea eta neurriok aurrera eramatea galdegin zien administrazioei: «Euskararen erabileraren unibertsalizazioan, garrantzitsua da zaintzako langileen artean ere euskalduntze planak bultzatzea, lan publiko bat egiten duten langileak baitira».