09 NOV. 2025 NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELKETA Julio Soto, xuxurlaka, finalera Julio Sotok irabazi zuen Leitzako finalaurrekoa atzo. Nafarroa Arenako finaleko aulki bat beretzat. Suabe, elegante eta sinesgarri, oso bere ahotsean aritu zen gorritiarra. Sarai Robles izan zen bigarrena, 494 punturekin. Finaleko atean paratu da Robles, puntuetan Ekhiñe Zapiainekin berdinduta. Berdinketa izanez gero, Zapiainek egingo luke aurrera. Julio Soto, Leitzako finalaurreko txapelduna. Puntuetan koska handia atera zuen Sotok. (Aitor KARASATORRE | FOKU) Amagoia MUJIKA TELLERIA Bere estilora lortu du Julio Sotok Nafarroako finalerako txartela; suabe eta dotore, ideia xumeak hari finez eta sinesgarriz josiz. Ariketa guztietan oinarri segurua jarrita eta hortik gorantz. Bukaerako agurrean «zer pulitua» baduela esan zuen. Atzoko saioan nahiko zorrotz sumatu genuen 2023ko txapelduna eta puntuetan koska handia atera zion hurrengoari. Ganbarako lana, horren adibide. Hauxe zuten gaia: Zure bizitzan aldaketak eraginen ditu. Bertigoa ematen dizun arren, egin nahi duzu. Zahartzen ari den 85 urteko emakumearen ahotik aritu zen Soto eta ahots oso benetakoa ekarri zuen oholtzara. «Hemen guztiok zahartu nahi dugu zahartu nahi dugu ez hala/ kandelak noa itzaliz askok ez lezakeen bezala/ larogeita bost urte dauzkat nik, naiz hexurra ta axala/ ta goiko horri eskatzen diot pixkaten utzi nazala/ oraindik badut bizi gogoa, oraindik badut morala/ gastatuz doaz zango, bizkarrak nekatuz noa normala/ ta jabetu naiz burua ere jada nekatuz doala». Eta, bigarrena: «Baserri baten sortua naiz ni, Basakabiko altzora/ semearekin bizi naiz eta hantxe noa su ondora/ eta gizarte langileren bat ez omen zen izango ba/ esan zidaten benga ba ama egin ezazu aproba/ astean bitan etortzekoa da hona mendi kaxkora/ dibujatzera ta buruketak egin ditzagun gustora/ igual zuentzat gauza gutxi da baina niretzat asko da». Ordurako, ganbarakoa iritsi zenerako, ofiziotan bere ofizioa erakutsia zuen Gorritikoak. Ariketa guztietan eman zuen bere maila, ideietan eta joskeretan seguru. Zortziko handian Patxi Castillorekin abiatu zen, bi abeltzainen azalean. Oporraldia betetzeko langile bat kontratatu zuten eta horri esker lehen aldiz astebeteko oporrak hartu ahal izan zituzten. Hauxe Sotoren arratsaldeko lehen alea: «Umezarotik lagun izan naiz behorren eta ardien/ baina oporrak egite hori zer zen guk ez genekien/ aurten plan batek gu laguntzeko pertsona bat zekarkien/ astebete bat izan da baina urtebete zirudien». Castillo ere ondo aritu zen saioko lehen ariketa honetan. Hona bere erantzuna: «Beti erreguz ibili gara laguntza pixka baten zain/ lanean ongi dakigu eta deskantsu pixkat egin nahi/ urtebetea zirudin horrek ene buruko minak ai/ nahiz oporretan geldirik egon hala ere ez nintzen lasai». Puntuetan bigarrena Sarai Robles izan zen. Ofiziotan oso erregular eta langile aritu zen barañaindarra eta finalerako atean paratu da bere 494 puntuekin. Zortziko handian Kattin Madariagarekin batera hasi zuen saioa. Gurasoen paperean, alabak futboleko epailea izateko ikasketak hasi nahi zituela esan zien. Zalantzak zalantza, honela amaitu zuen ariketa Roblesek: «Egoera bere alderuntz joan da eta pentsatuz hobeto/ zure iritziz garaia bada arbitrajean hasteko/ jokalarien gurasoak ta tentel astunak tarteko/ ni prest nengoke partiduetan bizkarzaina izateko». Zortziko txikian ere ondo, Javi Lezaunekin ariketa horretan. Elkarrekin proiektu batean ari ziren bi lankideren azalean aritu ziren. Lezaun konturatu zen Roblesek denbora telesail bat ikusten galtzen zuela. «Proiektu bat genuen hobe banantzea/ ze ez da oso polita daukagun trantzea/ telesailak ikusten nolako klasea/ zure proiektua da denbora galtzea», hasi zuen bidea Lezaunek. Eta, Roblesek, erantzun: «Denbora galtzen dut ta enau jartzen larri/ beraz zu ere horren haserre ez jarri/ proiektuan gaudenez laguntzen elkarri/ nahi baduzu aulkia ondora ekarri». Ganbarakoan ez zuen bide samurra hautatu, Vito Quiles mitinlari ultraeskuindar sonatuaren azaletik aritu baitzen. Hirugarrena puntuetan Mikel Lasarte, koska dezentera. Hamarreko txikian ederki aritu ziren Lasarte eta Madariaga. Mikel gurasoa eta Kattin alaba. Mikel ez zen moldatzen eguneroko tramite elektronikoak egiteko eta alabak Informatikako oinarrizko ikastaro bat egiteko proposatu zion. «Aurrean zenbat tekla hau da zoramena/ eta pantaila ez da nahi bezain gardena/ ikastaroa igual litzake onena/ baina harrigarria zait bai proposamena/ zuk laguntzea baitzen espero nuena», hasi zen Lasarte. Eta Madariagak, erantzun; «Nik badakit zaudela zu zalantzaz lepo/ baina hurbildu aldiro uzten nauzu seko/ nola pizten duzu hau da zenbat antzeko/ aita zarenez gero urteak tarteko/ teorian zu zaude neri laguntzeko». MADARIAGA, 17 URTEREKIN KANTUAN Kattin Madariagak plaza konkistatu zuen. Nafarroako Eskolarteko txapelduna da, 17 urte ditu eta aurtengo txapelketako parte-hartzaile gazteena. Fresko eta bizi, bertsoak transkribatzen aritzen garenoi ez zigun lantegi erraza jarri. Sekulako abiadan abesten du. Oso saio ederra osatu zuen, tarteka kolpe ederrak joz. Puntuak puntu -laugarrena izan zen-, Leitzako finalaurreko txapeldunetako bat izan zen zalantzarik gabe Arantzako gaztea. Ganbarakoan, beretik eta sinesgarri, honela kantatu zuen lehen bertsoan: «Bizitzak berez baditu berrehun mila milioi gako/ guretzako bat geyo gu gazteak garelako/ batxilerra amaitu dut eta hautatu beharko/ nahiz eta Euskal Herriak berez uzten nauen bapo/ nahiz ta urrun dagoen izutzen nauen a sako/ Bartzelonan pisu bat dut ikasturte hontarako». Bosgarrena Patxi Castillo izan zen. Ofizio onena Julio Sotorekin josi zuen, zortziko handian. Eta gero eutsi zion plazari. Seigarrena puntuetan Javi Lezaun izan zen. Amaierako agurrean plaza piztu zuen, bertsoa eta rapa uztartuz eta gogoraraziz bertsoa zer nolako tresna den errealitateari kantatzeko eta entzulea xaxatzeko. sailkapena 1. Julio Soto 526,5 puntu 2. Sarai Robles 494 puntu 3. Mikel Lasarte 454,5 puntu 4. Kattin Madariaga 451,5 puntu 5. Patxi Castillo 422,5 puntu 6. Javi Lezaun 418 puntu Sarai Robles eta Ekhiñe Zapiain puntuetan berdinduta daude. Ariketaz ariketako puntuak ikusita, Zapiain dago aurretik.