10 NOV. 2025 KOLABORAZIOA Nafarroako Lanbide Heziketaren zentzugabekeria Xabier SORBET MANCHO, Itxaso VALENCIA OTXOA eta Xabat ETXEGIA APEZETXEA LABeko ordezkariak Lanbide Heziketan Irailaren hasieran, Nafarroako Lanbide Heziketan greba orokorrera deitu duten lau sindikatuek mahai sektorial bat eskatu zuten, 2024-2025 ikasturtean sortutako arazoari heltzeko beren-beregi: DUALaren ezarpen orokorra eta eredu berriko ikasleak aurreko FCTko eredukoekin bat egitea. Egoera zela-eta praktikak hasi ezin izan zituzten ikasleak ere bazeuden arren, Hezkuntza Departamentuak hilabete eta erdi behar izan zuen Mahaira deitzeko! Bertan, gure gaia bukaerarako utzi zuten, eta, ordurako, Araubide Juridikoko zuzendaria (Javier Lacarra), Hautaketa eta Hornikuntzako zuzendaria (Ricardo Iribas) eta bi ikuskatzaile aretotik joanak ziren. Hori da Nafarroako Lanbide Heziketak (LH) bizi duen muturreko egoerari Departamentuak ematen dion garrantzia! Arazoa azaldu ondoren, sindikatuek erantzunak eskatu zituzten. Hezkuntzako ordezkariek onartu zuten 2022-2023 ikasturtean antolatutako lantaldeek ez zutela inolako azterketa edo ondoriorik aurkeztu. Ez, ez zen halakorik izan. Baina, are gehiago, ez zuten kontuan hartu eredu duala ezartzen laguntzeko asmoz langileek egindako ekarpen bat bera ere. Eta orain Gil Sevillano zuzendari nagusiak iragarri du ikasturte honetan beste lantalde bat sortuko dela gai horiei heltzeko. Orain? Zertarako? Nork osatuko du? LHko atalaren gardentasun, plangintza eta kudeaketa falta ikaragarria da. Baina benetan kezkatzen gaituena da lan falta horren ondorioak irakasleok jasaten ari garela; izan ere, joan den ikasturtean, eskola orduak eta ordu osagarriak erabili behar izan genituen eredu dualak eskatzen dituen zereginak betetzeko. Hori aski ez, eta Gimeno kontseilariak, X sarearen bidez, irakasleen eta ikasleen familien aurka egiteko lotsagabekeria dauka, gezurrak eta manipulatutako datuak erabiliz. Bitartean, LHko irakasleok elkarretaratzeak eta protestak egiten jarraitzen dugu: urriaren 13an, astelehena, Tafallan Mekatronikako irakasleek uko egin zioten kontseilariarekin batera argazkian ateratzeari, eta hainbat ikastetxe eta irakaslek uko egin diote hurrengo ekitaldietan parte hartzeari, hala nola Baluarten azaroaren 3an eta 4an izan den foroan edo Skills-etan. Hala ere, Nafarroa LHko erreferentea dela esaten jarraituko du Gimenok. Eta geure buruari galdetzen diogu, zertan? Soldataren diskriminazioetan? LHko edo pedagogia terapeutikoko titulazioa duten teknikariei egindako soldata murrizketetan? Eskola ordutegitik kanpo langileei lan karga handiegia jartzen? Ikastetxeei bikaintasun programetan parte hartzearen edo ez hartzearen inguruko argibide eta agindu kontraesankorrak ematen? Guk ez dugu ulertzen nolatan ez den dimisiorik edota kargugabetzerik izan dagoeneko Lanbide Heziketako atalean. Gil Sevillanok oraingoz ez du inolako konponbiderik eman, eta biziki kezkatzen gaitu irakasleek, ikasleek eta horien familiek Departamentuaren plangintza eta kudeaketa txarraren ondorioak ordaintzen jarraitzeak. Ez zuten kontuan hartu eredu duala ezartzen laguntzeko asmoz langileek egindako ekarpen bat bera ere