GARA Euskal Herriko egunkaria
YAKARTA

Badmintona eta oroitzapen traumatikoen zama


Diego San Jose irundar sortzailearen telesail berrian, Javier Camara eta Carla Quilez dira protagonistak eta badmintonaren munduan barneratuko gara.

Jose Ramon Garrido, badmintoneko jokalari olinpiko ohia, ilusio handirik gabe bizi da: Vallecasko institutu batean gorputz heziketako klaseak ematen ditu. Bizitza bakarti eta triste samarra darama; eta apurka-apurka deskubrituko dugu iragan ilun eta latz bat duela.

Mar izeneko badmintoneko jokalari gaztea ezagutzeak aukera emango dio, Jakartan (Indonesia), lehiatzeko zuen ametsa berriro pizteko. Apurka, neska gaztea entrenatzen hasiko da, baina bien arteko harremana gorabeheratsua izango da; izan ere, biek daramate soinean motxila emozional eta pertsonal astun eta gogorra.

Kirola aitzakia besterik ez da bien arteko harremanean sakontzeko eta gainean dituzten zauri emozionalak agerian uzteko. Aukeratu duten kirola bazterrekoa izateak metafora gisa ere funtzionatzen du: talentu handia izan, baina jende askorentzat ikusezina izatearen sentipena.

Telesailaren eszenaratzea bikaina da, baina oso urrun kokatzen da keinu handietatik edo elementu arranditsuetatik; bere indarra txikitasunean datza, itxuraz hutsalak diruditen elkarrizketetan eta hitzek baino gehiago adierazten duten keinuetan.

“Yakarta” eszenatoki apaletan mugitzen da eta horrek inork ikusten ez zaituenean gertatzen den horren sentsazioa indartzen du.

Osagai horiek guztiekin eta sortzailearen lana aurretik ezagututa, beharbada, askok umorea nagusi izango dela susma dezakete, baina ez da horrela izango; baditu umore dosi txiki batzuk, tragikomediatik jaiotzen direnak, baina telesailean tonu ilun eta dramatikoa nagusitzen da.

Bikaina da. Ez galdu.