14 NOV. 2025 AZKEN PUNTUA Azaroak bero, negua gero? Iker IBARLUZEA Meteorologoa Azaroaren erdia ere dagoeneko jan dugu eta eguraldiak lehengo lepotik du burua. Hego haize zakarra, tenperatura altuak eta euri eskasia, nahiz eta aurreko larunbatean litro batzuk pilatu. Hori da udazkena izaten ari denaren isla. Azpimarratzeko bi gauza leudeke: batetik, tenperatura altuak eta batez besteko oso altuak; eta, bestetik, prezipitazio eskasia. Biak dira alde negatiboa. Tenperatura altuek lurra idortzen dute eta landare eta zuhaitzei beren prozesu naturalak aurrera eramatea oztopatu. Azken finean, horiek beren erloju biologikoa dute eta erloju horrek urtaroen arabera funtzionatzen du. Urtaroak ez badu bere aurpegi erreala ematen, landare eta zuhaitzek ere ez. Eta prezipitazio eskasia badago, zer esanik ez. Urik gabe nekez egin daiteke bizitza normalik. Gainontzean galde diezaietela nekazari eta abeltzainei. Baina, joera honek datozen hilabeteetan neguak bere aurpegirik errealena eskainiko digula esan nahi ote du? Ba, erantzuna jakingo banu, gustura esango nuke, baina ez dago inola ere jakiterik. Aurreko urteetan negua goiz etorri da, baina ondoren benetako negua izan behar zuen uneetan ez zen halakorik izan. Aurten beranduago dator. Akaso, aurten abendutik aurrera zerbait interesgarria etor liteke. Ni baiezkoan. Eta zuek?