14 NOV. 2025 KOLABORAZIOA Osasun Publikoaren Euskal Institutua zertarako? Rebeka UBERA EH Bilduko legebiltzarkidea Historikoki, Osakidetzak gaixotasunaren diagnostikoan eta tratamenduan zentratu du bere jarduna, eta horrek gaixotasunean zentraturiko osasun sistema publiko bat eraikitzea ekarri du, osasuna sustatzeari begira pentsatutako sistema bat eraiki ordez. Horregatik, garrantzitsua izan zen Osasun Publikoaren Euskal Institutua (OPEI), prebentzioa eta osasunaren sustapena xede izango dituena, sortzeko konpromisoa txertatzea Legebiltzarrak duela bi urte onartu zuen Osasun Publikoaren Legean. Eta are garrantzitsuagoa litzateke Jaurlaritzak Legeak dioen hori betetzea. Izan ere, Legea 2024ko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean eta 18 hilabeteko epea ematen zion Jaurlaritzari institutua abian jartzeko, baina epea amaitu da eta gaur da eguna oraindik institutu horren berririk ez duguna. Institutuak gaur egungo Osasun Publiko eta Adikzioetako Zuzendaritza eta bertako langile guztiak (baldintza berberetan) barne hartuko ditu eta, ondorioz, funtsezkoa da, lehenik eta behin, erakunde berri horren estatutuak, zeintzuek bere izaera, edukia, antolaketa eta funtzionamendua zehaztuko dituzten, langile horiekin lantzea eta adostea, eta ez kanpo kontsultora batekin, Jaurlaritzak hasieran planteatu zuen bezala. Galdera da zertarako behar dugun OPEI bat. Bat-bateko erantzuna argia da: ez orain arte Osasun Publiko eta Adikzioetako Zuzendaritzak egin duena errepikatzeko. Edo, hobeto esanda, baliabide faltagatik egin ez duena. Institutu indartsu bat behar dugu, osasun publikoaren arloan eskuduntza guztiak garatzeko egitura eta diziplina anitzeko ekipoak izango dituena, baliabide faltagatik urteetan apenas landu den osasunaren sustapena garatzeko gaitasuna izango duena eskualde, udalerri eta auzo mailan. Institutuari egokituko zaio zaintza komunitarioa artikulatzea, Lehen Arretako anbulatorioak, osasun mentaleko zerbitzuak eta udalen gizarte- eta orientazio-zerbitzuak koordinatuz, betiere eragile sozialen parte hartzearekin. Horretarako, ezinbestekoa izango da orain existitzen diren osasun publikoko egiturak indartzea eta ekipoetan beste profil batzuetako profesionalak gehitzea. Prebentzioa eta osasunaren sustapena erdigunean kokatzeak, politika publikoetan begirada hori izateak, gizartea bera baldintza dezake. Gizarte osasuntsuago bat ekar dezake, medikalizaziotik aldenduta, bai eta herritarrak ahalduntzea ere. Paternalismotik eraikitako osasun sistema batetik heziketan eta erabaki partekatuetan oinarritutako sistema batera pasatzea. Aldaketa horretatik soilik etorriko da Osakidetzan pairatzen ari garen gainbehera gelditzea. Ebidentzia zientifikoari jarraituz gero, klima larrialditik harago aldaketa globala gertatzen ari den garai hauetan agerikoa da gure osasun eredua prestatu behar dugula gure aurreikuspen gaitasuna hobetzeko, mehatxu berriei aurrea hartu ahal izateko, horrek ahalbidetuko baitu eman beharreko erantzuna egokiena izatea, jasangarritasuna, zaintza eta bizi-baldintza duinak bermatuko dituzten inguruneen sustapena ardatz hartuta. Izan ere, esparru sanitariotik kanpoko faktoreek baldintzatzen dute herritarren osasuna eta, hortaz, osasun politika eraginkor batek sektore guztietako politikak hartu behar ditu kontuan. Horixe izango da Osasun Publikoaren Euskal Institutuaren eginkizuna.