GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Zibilizazio deitzen dugun hau


Azalzuriek lurra eta zerua erosi eta saltzen dituzue, zuenak balira bezala. Lurra ez da, ordea, gizakiarena, gizakia lurrarena baizik. Hain da aseezina zuen gosea, lurreko gauza guztiak irensten baitituzue, atzetik basamortua soilik utziz. Ezin dugu ulertu zergatik hiltzen dituzuen, plazer hutsez, animaliak; zergatik soiltzen dituzuen basoak. Zeren eta lurrari gertatzen zaiona bere seme-alaboi gertatuko zaigu ondoren. Inguru guztiak txikitzen eta kutsatzen dituzuenez, zuen hondakinetan itota desagertuko zarete». Seattle buruzagia, 1854.

Txiki-txikitatik, gure (Mendebaldeko) gizartea zibilizazio moduan deskribatu, saldu, izan digute leku guztietan. Gure arrazionaltasuna eta balioak etengabe goraipatuz. Gainontzekoak baino hobeak, garatuagoak, garela ondorioztatuz. Eta bestelako gizarte antolaketa moduak zein natura edota animaliak basatitzat hartuz.

Haatik, ingurura begiratu eta eraiki dugun gizadia ikusi besterik ez dago, aurrez aipatu guztia zalantzan (edota hankaz gora) jartzeko eta gutxi batzuen interes ekonomikoek eta botere goseak indarkeriaren bidez gidatutako errealitate bat topatzeko: urtero gosez zein desnutrizioz hamaika milioi pertsona hiltzen dira (ditugu); lau segundoero, pertsona bat. 828 milioi pertsona gosez bizi dira; egunero 5 urtetik beherako 13.800 haur hiltzen dira ekidin zitezkeen arrazoiengatik (goseagatik bereziki). Gizarte desberdintasunak gero eta handiagoak dira; lurreko biztanleen %10 dirudunenek aberastasun guztien %75 baino gehiago kontrolatzen dute. 2000 eta 2024. urte artean sortutako aberastasun totalaren %41 biztanleen %1 dirudunenen eskuetara joan zen; aberastasun horren %1a soilik eskuratu zuen %50 txiroenak, aldiz. Naturaren eguneroko kutsadurak, txikizioak, ez du etenik; 2015-2025 artean, urtero 10.900.000 baso hektareako deforestazioa eragin dugu. Migrazioaren drama ere handituz doa; 2024an 9.000 pertsona hil ziren itsasoan itota. Animaliekiko indarkeria sistematikoa bilakatu da; gero eta espezie gehiago desagertzen dira edo desagertzeko arriskuan jartzen dira; XXI. mendean 581 espezie desagerrarazi dira jada. Emakumeen aurkako indarkeriaren (bere forma eta intentsitate guztietan) datuak oso larriak dira; Estatu mailan 2003tik gaurdaino 1.327 emakume izan dira erailak; mundu mailan, oraindik ere lanpostu berdinagatik %23 gutxiago kobratzen dute. Gero eta gerra gehiago, gastu militar handiagoa, dugu, eta bakea gero eta urrunago, lausoago; egun, 59 gerra (edo gatazka armatu) daude aktibo, eta tentsio handiko beste 116 gatazka. Indigenak, jatorrizko herriak, etengabe lekualdatuak, desterratuak zein erailak dira, baliabide naturalen ustiapenean dirauten enpresen eraginez; pixkanaka, gero eta gutxiago dira ondorioz, gero eta erreserba txikiagoetan, dispertsatuagoetan gatibu. Eta demokraziaren eta bakearen ikonotzat hartu ohi den AEB sortu zenetik 249 urte igaro dira, eta horietatik 232 urtetan gerran murgilduta egon da, mundu osoan zehar.

Aurreko datuez gain, Palestina 1948tik gaurdaino eta 2023tik are modu krudelagoan pairatzen ari dena «zibilizazio» deituriko honen ispilu, adibide, ezin garbiago eta gordinagoa dugu: 2023tik 170.000 pertsona zauritu eta 67.000 pertsona erail dituzte, horietatik 20.000, haurrak. Eta benetan hildakoak 200.000tik gora izan litezke (suntsitutako eraikinen azpian daudenak eta desagertuak…); 2.000.000 pertsona (ia-ia populazio osoa) desplazatuak izan dira, asko eta asko behin baino gehiagotan; hiri eta herri osoak suntsitu dituzte (etxebizitzak, azpiegiturak, errepideak…); eskolak, ospitaleak, anbulantziak, GKEen egoitzak, errefuxiatu guneak, okindegiak, nekazaritza lurrak... bortizki bonbardatu eta erabat suntsitu dituzte; goseak jota, janari bila, AEBk eta Israelek jarritako bilketa puntuetara hurbildutako zibil errugabeak tiroz josita erail dituzte; laguntza humanitarioa blokeatu dute, gosea, egarria zein argindar mozketak gerra arma gisa erabiliz, eta euren lana betetzen soilik ari ziren 200 kazetaritik gora erail dituzte.

Eta hori dena, mundu guztiaren aurrean, telebistaz, zuzenean. Edonondik begiratuta izua eta higuina eragiten duen genozidioa, garbiketa etnikoa. Arabiako herrialde demokratiko eta zibilizatu bakarra omen denak eraginda. Inpunitate osoz. Zibilizazio deitzen dugun honetako gobernuekin sinatutako akordio komertzialek finantzatuta. Guk saltzen dizkiegun armen bidez. Herrialde zibilizatu ia guztietako agintarien isiltasunarekin, konplizitatearekin edota indiferentziarekin.

Eta, oraindik ere, genozidio hau sufritzen ari diren herritarrak hartuko ditugu basatitzat. Eta genozidioaren erantzuleak, zibilizatutzat. Duela hainbat mende, naturarekin eta gainontzeko izakiekin harmonian, errespetuz bizi ziren indiarrak edo indigenak basatitzat hartzen ziren bezala. Eta haiek erail eta haien lurrak bortizki hartzen zituzten azalzuri edota konkistatzaile hiltzaileak, zibilizatutzat.

Bien bitartean, bozgorailuetatik etengabe jarraituko dute esaten gurea dela zibilizazioa, gezur hori behin eta berriz errepikatuz egia bilakatu nahian... Zibilizazioa? Benetan? Baina ze zibilizazio klase?

Larriena ez da gure gizarteari zibilizazio deitzea, zibilizazioa benetan gurea dela sinestera iritsi garela baizik. Belarriak itxi, ispiluaren aurrean jarri, eta benetan zer ikusten dugu?