22 NOV. 2025 PILOTA Aspek kontratua luzatu die zazpi pilotariri Markel GARZON GOITIA Urte bukaera gerturatzen ari den honetan, kontratu berriak sinatzeari ekin diete pilotariek. Atzo goizean, Aspek iragarri zuenez, zazpi pilotarik luzatu zituzten kontratuak Eibarko enpresarekin: Joseba Aldabek, Xabi Erostarbek eta Julen Egigurenek, 2027. urtera arte; eta, bestetik, Aitor Elordik, Iñigo Bikuñak, Arkaitz Gabirondok eta Iker Salaberriak, 2028ra arte. Binakako Txapelketa hastear zela, Aspe lanpetuta ibili da egunotan bere plantillako hainbat kiderekin zituen akordioak berritzen. Baikok ere asteazkenean luzatu zion kontratua Iñaki Artola aurrelariari, 2028. urtera arte. Hain zuzen, atzo gauean hasi zen Binakako Txapelketa Beasaingo pilotalekuan eta 2026ko martxoaren 29an bukatuko da; egun horretan jokatuko dute finala Nafarroa Arenan, Iruñean. BINAKAKOKO LEHEN JARDUNALDIA Ostiral gauean estreinatu ziren aurtengo txapelketan Elordi-Zabaleta eta Zabala-Martija, Beasainen; Altuna III.a-Ezkurdia eta Peio Etxeberria-Rezusta gaur bertan arituko dira, Logroñon; Jaka-Iztuetak eta Larrazabal-Mariezkurrena II.ak igandean jokatuko dute, Agoitzen; eta Artola-Imaz eta Laso-Albisu astelehenean lehiatuko dira, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Asperekin kontratua berritu dutenen artean, Elordi besterik ez da arituko Binakako Txapelketa nagusian, Zabaletarekin batera. Hain zuzen, bikote horrek irabazi zuen txapela 2023an. Bestalde, B Seriean lehiatuko da Bikuña, Rekalderekin batera; Gabirondo, Muruarekin; eta Salaberria, Gaskuerekin.