GARA Euskal Herriko egunkaria
YOSEMITE

Mikel Inorizak kosk egin die Kapitaineko «Freerider» eta «The Nose» bideei

Jon anaiarekin batera, eskalatzaile arabarrak «Freerider» (7c+, 900 m) era askean eskalatu zuen eta, Nil Alcubilla katalanarekin, «The Nose» (5.9, C2 edo 8b+, 900 m) hamar ordu eta 12 minutuan sinatu zuen, igoera azkar batean.

Goian: Jon Inoriza, Kapitaineko ibilbide horretako Monster offwidth luzea eskalatzen. Aldameneko argazkian, Nil Alcubilla eta Mikel Inoriza, «The Nose»-ko gailurrean; marra hori 10 ordu eta 12 minutuan igo zuten. (Mikel INORIZA)

Yosemiteko udazkeneko denboraldiak beti izaten du foku berezi bat, eta aurtengoan ere hango hormatzarrek makina bat bisita jaso dituzte. Jakina, Kapitainek leku berezia hartzen du. Iaz bezala, Mikel Inorizak ez du hutsik egin munduan sona handia duen haran horretan. Aurreko denboraldian, adibidez, eskalada bikaina egin zuen Kapitaineko “Golden Gate” ibilbidean. 900 metroko eta 8a mailako ibilbide hori era askean igo zuen. Horretaz gain, Half Domeko “Regular” bidea zazpi orduko kronoarekin egin zen.

Eskalatzaile arabarrak urrian finkatu zituen oinak Yosemiten. Lagun batzuekin batera bidaiatu eta, besteak beste, Kapitaineko hormatzarrean jardun zuen. Gainera, bi estilotan. Eta aurtengo bisitan ere emaitza eder batekin itzuli da etxera. Jon anaiarekin, adibidez, Kapitaineko “Freerider” (7c+, 900 m) librean eskalatzeko aukera izan zuen. Murru horretatik irten gabe baina beste estilo batean, “The Nose” (5.9, C2 edo 8b+, 900 m) mitikoan sartu zen. Speed climbing edo abiaduran oinarritutako eskaladaren aldeko apustua egin zuen. Nil Alcubilla katalanarekin, 10 ordu eta 12 minutuko denbora egin zuen.

Lehen jarduerari dagokionez, aipatu bezala, bi anaia arabarrek soka gerrira lotuta eskalatu zuten “Freerider”. Ibilbide hori klasiko bihurtu da, batez ere era askean eskalatzeko. Eta, hain zuzen ere, Inorizak esan duenez, biek helburu hori izan zuten: «Iazko bidaian Nilek marra hori eskalatu zuen, eta Jon anaiak ilusioa zuen librean ekinaldi bat egiteko. Animatu zen eta oso motibatuta sartu ginen. Ibilbide ederra da. Nik lehen zatia iaztik ezagutzen nuen; izan ere, Cap Spire-raino ‘Golden Gate’ ibilbidearekin partekatzen ditu luzeak. Goiko sekzioa ere erakargarria da, kalitate handikoa. Boulder Problem, Enduro Corner diedro perfektua, Monster offwidtha… argazki oso fotogenikoak eskaintzen ditu. Azken luzeek badute xarma berezia. Gu ez gaude artesi zabalekin edo offwitdhekin ohituta, eta bada gogor bat guretzat bidearen giltza izan daitekeena. Badakizu teknika kontuak dira».

EKAITZA

Urriaren erdian ekaitz latza lehertu zen Yosemiten: hormak eta zelaiak elurtu zituen. Baina, oro har, eskalatzaileok hilabete eguraldi epelarekin egin zuten; bero puntu bat ere bazen. Era egokian eskalatu ahal izateko oztopo izan zen egoera hori. Lehen bi egunak nahiko lainotuak izan zituzten. Hirugarrenean, berriz, euria egin zien, eta baldintza horietan atseden hartzea erabaki zuten, besteak beste, Monster offwidtha zain zutelako. Gainerako egunak epelak izan ziren eta logistika aldatu behar izan zuten: goiz eskalatzen hasi, beroa saihesteko.

Eskaladari dagokionez, bi anaia arabarrek bost egun egin zituzten “Freerider”-en. Mikelek lehen luzeak ezagutzen zituenez, Jon sokaburu joan zen: «Era askean igotzeko xedea nuenez, urduritasunagatik lehen zati horretan energia ez xahutzea zen garrantzitsua. Hirugarren egunean, adibidez, Boulder Problem-era iritsi ginen. Eguzkitsu zegoen, eta arroka bero zegoen. Probatu eta Cap Spire-ra jaitsi ginen. Biharamunean, sona handia duen luze hori kateatzeko gai izan nintzen. Enduro Corner-en ere egoera berarekin topo egin genuen. Osasunez ez geunden oso ondo eta hamaka jarri genuen. Hurrengo egunean luze horretan sartu eta erorikorik gabe kateatu nuen. Sona duen zeharkaldia patrikan sartu eta azken luzeak zain genituen. Eskaladaren bosgarren egunean gailurrera heldu ginen. Jon anaiak ia luze guztiak librean igo zituen; besteak beste, egiteke utzi zituen Boulder Problem eta goiko besteren bat. Nik, berriz, ‘Freerider’ osorik era askean igo nuen».

Inoriza anaiak oso gustura daude Kapitaineko ibilbide horretan bizitako esperientziarekin. Bidea oso ona izateaz gain, luze ederrak eskalatzeko aukera izan dute: «Bost egun eta lau gau izan ziren ‘Freerider’-en. Euria, beroa, luze gogorretan estutzen, estrategia zein logistika ondo kudeatzen saiatzen… Horretaz gain, bitxikeriaren bat edo beste izan genuen. Cap Spire-n utzitako petatea ez genuen ondo itxi. Beleak horrekin konturatu ziren, eta han ibili ziren janaria lardaskatzen».

«THE NOSE»

Ibilbide mitiko hori ere Mikelen helburua zen. Alabaina, “The Nose” beste era batera hartu zuen. Speed climbing edo abiaduran oinarritutako eskalada estiloa erabili zuen. Eskalatzaile estatubatuarren artean estilo hori oso barneratuta dago; Yosemiteko kulturaren zutabe nagusietako bat da. Europarrentzat, aldiz, ez da hain ohikoa. Horregatik azpimarratzekoa da Alcubillak eta Inorizak “The Nose”-n eginiko eskalada. Sokada horren denbora: 10 ordu eta 12 minutu.

Inorizak esan duenez, iaz Half Domeko “Regular”-en (7 ordu) izaniko esperientziak bultzatu zituen “The Nose”-n estilo horretan jardutera. Denboraldi honetan ibilbide horrek bisita ugari izan ditu; ilara batzuk ikusi dira. Halere, Alcubillak eta Inorizak zorte handia izan zuten: «Onartu behar dut erabat harrituta geratu ginela: marra osoan bakar-bakarrik geunden! Jakina, egoera horrek azkar eskalatzen lagundu zigun. Gu ez gaude estilo horrekin ohituta, baina iaz Half Dome-n egin genuen bezala, ausartu egin ginen. Ez genuen sokarik finkatu eta, gainera, ibilbide horren luzeak ez genituen aldez aurretik eskalatu. Estatubatuarrak ez bezala, ez gaude teknika horrekin eroso, baina gustatu zitzaigun ziztu bizian eskalatzea. Estilo zaindua ez dugunez, esan behar dut arrisku berezirik ez genuela hartu».

Estrategiari begiratuta, blokeka eskalatu zuten. Eskalatzaile bakoitzak sei-zapi luze igotzen zituen eta, ondoren, sokaburua aldatzen zen. Balizko jaitsiera bat (rappelak) egiteko 60 metroko soka fin bat edo kordino bat eraman zuten: «Badakigu gauza asko dugula hobetzeko estilo horretan. Batez ere jumareatzen ez gara batere iaioak. Baina argi esan behar dut topera joan ginela, hots, den-dena ematen. Jakina, gu ez gara errekor baten bila jardun; ezta gutxiagorik ere. Gure asmoa zen ahalik eta azkarren igotzea eta estilo horretan esperientzia berri bat izatea. Horregatik uste dugu ere europarrak izanik denbora duina egin genuela».