25 NOV. 2025 Jazarpena salatzeko «Irri berri» bat «Irri Berri» izeneko ipuina, abestia eta gida didaktikoa sortu dituzte Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo sudurgorriek. Pailazoak eta proiektua ondu duten lagunak, atzo, Zarautzen. (Gorka RUBIO | FOKU) GARA Jazarpenari edo bullyingari begira jarri dira Katxiporreta elkarteko pailazo sudurgorriak beraien proiektu berrian. Kasu honetan, Nerea Loiola idazlearen eta Karmele Gorroño ilustratzailearen laguntza jaso dute “Irri Berri” izeneko ipuina osatzeko eta, nola ez, Xabier Zabalarena egitasmo bereko kantua ontzeko. “Irri Berri” proiektuak ipuinaren eta musikaren bidez jazarpenaren prebentzioa eta elkarren arteko zaintza lantzen ditu, haur eta helduen artean gogoetarako eta hausnarketarako espazio bat sortuz. Aipatutako ipuinaz eta abestiaz gain, material pedagogiko gehigarria txertatu dute QR batean. Bertan, lehendik “Borobilean” diskoaren barnean sortutako materiala aurkitzeaz gain, abestia txirulaz jo ahal izateko partitura eta abestiaren play-backa denon eskuragarri jarri dituzte, baita ipuinaren irakurketa eta lanketa sakonago bat ahalbidetuko duen “Familien eta hezitzaileen gida” bat ere. Baliabide honek, elkar zaintzearen garrantziaz hitz egiteko gune goxoak sortzea du helburu, bullyingaren prebentzio lanetan; bai eta, jazarpen kasuetan, helduei orientazio bide bat eskaintzea eta ipuinari beste begirada batetik begiratu eta aztertzeko bideak zabaltzea ere.