25 NOV. 2025 PILOTA Lehen puntu berezia Laso eta Albisurentzat Laso eta Albisu, pozarren. (Jon URBE | FOKU) A. G. «Ez dut gezurrik esango: Unai Lasorekin jokatzea berezia da. Duela bost urte elkarrekin jokatzen ari ginela arantzatxo bat geratu zitzaigun barruan, eta ea txapelketa honetan kentzerik daukagun». Hala adierazi zuen Jon Ander Albisuk Iñaki Artola eta Ander Imazen aurka Binakako Txapelketa honetako aurreneko jardunaldiko azkeneko partida irabazi ostean. Duela bost urte, miopearen begi zorrotzari esker, Laso kanporatu zuen bere enpresak, bai eta Jon Mariezkurrena ere, eta neurri batean Jon Ander Albisuren Binakako txapelketa bikaina zapuztu. Kosta zitzaien garaipena lortzea, hala ere, 11-7 atzetik izan zirelako Artola eta Imazen aurka. Baina piloteoan ataundarra Imazi nagusituta, Lasoren laguntza ukaezinarekin, gehi Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariaren erremate sortarekin, 3-15eko partziala lortuta eman zioten buelta neurketari urdinek, Binakako txapelketako aurreneko puntua erdiesteko. Uste baino arinago hasi zen Binakako Txapelketa Nagusiko partida. Izan ere, hezetasuna azaldu zen Beotibarren eta jaialdiko antolatzaileek txapelketa nagusiko neurketa bermatzea hobetsi zuten, eta aurreneko postuan jarri zuten. Horrek pilotarien errutina apur bat aldarazi zuen eta aurreneko tantoetan batik bat komeriak izan zituzten neurketara jartzeko. Nolanahi, aitzakiarik gabeko neurketa izan zen. Aurrelariak errematean sartzeko aukeran jarri zirenean hasi zen neurketa epeltzen. Artolak jokoan dagoela erakutsi zuen, eta Alegiakoaren erremateei esker 11-7 aurretik jarri ziren gorriak, baina sakea eta pilota aldatzeaz bat urdinak jaun eta jabe izan ziren. Partida luzatu ahala, Albisuk atzean mendean hartu zuen Imaz, eta Laso, berriz, oso eroso aritu zen nola erasoan hala lanean. Garaipena eskuan, pozarren ziren urdinak, alajaina!