GARA Euskal Herriko egunkaria

Ekintzaileei lagundu egin behar zaiela bat datoz Irujo eta Jauregi sailburuak

Nafarroako eta Lakuako Gobernuetako Industria sailetako arduradunak elkarrekin solasean jardun ziren atzo, euskaraz, Noaingo CEIN zentroan «Enpresabidea» komunikabideak antolaturiko jardunaldian. Ekintzaile edo enpresa-sortzaileen jarduera errazteko, elkarlana behar dela nabarmendu zuten Mikel Irujok eta Mikel Jauregik.

Nafarroako eta Lakuako Industria sailetako arduradun Mikel Iruko eta Mikel Jauregi euskaraz solasean aritu ziren Noainen. (Iñigo URIZ | FOKU)

Ekintzaileek lan konplexu bati ekiten diote eta horretan aurrera egiteko ekosistema osoaren laguntza behar dute. Ideia hori nabarmendu zuten atzo Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak eta Mikel Jauregi Lakuako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak, Noaingo CEIN zentroan, “Enpresabidea” komunikabideak antolaturiko mintzaldian. Ekonomiaren erronkei buruz aritu ziren biak euskara hutsean, Pili Kaltzada “Enpresabidea”-ren sortzaile eta bazkidearekin.

Irujok azaldu zuenez, Nafarroan ekintzaile kopurua oso txikia da Europako beste lurralde batzuekin alderatuta. Egitasmoren bat martxan jartzeari ekiten dioten horietatik gehienek arrakasta izaten dute, ordea. «Oso ‘segurolak’ garela dirudi, baina ekintzaileak martxan jartzen direnean aurrera egitea lortzen dugu», gaineratu zuen kontseilariak.

Ibilbide horretan ekintzailea «bakarrik inoiz ez egotea» ezinbestekoa dela esan zuen Irujok. Prozesu horretan pertsonak aritzen direla, finantzaketa lortu behar dutela eta ideia garatu ahal izateko beharrezkoa den jakinduria teknikoa erabili behar dela azpimarratu zuen. Horretan guztian laguntzea garrantzitsua da, bere iritziz, Nafarroan industria ekonomiaren ardatza izatea eta enpresak errotzea delako helburua.

«KUADRILLA-LANA»

Jauregik «kuadrilla-lana» aipatu zuen ekintzaileak laguntzeko modu hori definitzeko. Esan nahi baita, erakundeak eta bankuak elkarrekin aritu behar direla egitasmoak garatu eta finantzaketa lortzeko. Horren adibide jarri zuen Lakuako kontseilariak Ayesa enpresa. «Hegoak zabaldu» zituen eta milaka langile izatea lortu du, zibersegurtasunean erreferente bilakatuta. Nazioarteko funts batek erosi nahi zuen. Horren aurrean, Lakuak, Kutxabankekin batera, Ayesa erosteko eskaintza egin du. «Sosak jarri ditugu», esan zuen Jauregik. Enpresa horretako langileen lasaitasuna eta enpresa bera errotzea dira helburuak. Halakoak egitea «orain arte oso zaila zen», gaineratu zuen Lakuako sailburuak.

TXINARI BEGIRA

Paradigma berri honetan, nazioarteratzea funtsezkoa omen da eta Txinara begira daude. Irujo bertatik etorri berri da, urteetako lanaren fruitua den bidaia batetik. Azkar eraikitzen diren fabrika erraldoiak dituzte han. Horretaz gain, eraldaketan oinarritzen den eredu bat martxan jarri dute; industria ekologikoaren aldeko apustua egin eta munduan erreferente bilakatu dira.

«Egiten dutenean sinisten dute eta gose dira. Mundua jan nahi dute, zentzu onean», esan zuen Irujok. Horren aurrean, «Europan beti zalantzan gabiltza», eta Txinan garatzen ari diren teknologia Europan jaio zela gogorarazi zuen. Auto elektrikoekin lorturiko arrakasta aipatu eta Europa «porrotera» doala ohartarazi zuen Jauregik.