29 NOV. 2025 Presentziak (II) Estibalitz EZKERRA Literatura kritikaria Mendebaldeko paisaia-pinturan tradizioa da lurra honela ulertu eta irudikatzea: menperatu beharreko eremu basati moduan edo bere jabearen etekinerako ustiatu beharreko jabetza bezala. Kasu batean zein bestean, oinarrizko ideia da jabetzan eduki, kontrolatu, eta irabazi ekonomikorako esplotatzekoa den ondasuna dela lurra. Kolonialismo egoiliarraren testuinguruan sorturiko paisaia-pinturari dagokionez, berau lurrari buruzko ikuspegi hori lurraldeko jatorrizko herrien genozidioa arrazoitzeko eta indigenen presentzia ezabatzeko zein iraganeko kontu gisa adierazteko erabili da. Baina Ojibwe ikerlari Joseph Mizhakiiyaasige Zordanek esaten digu paisaia-pintura kolonial oro, baita indigenen errepresentazio espliziturik ez dagoen kasuetan ere, presentzia eta jakintza indigenak baldintzatuta dagoela. Izan ere, jatorrizko herriek ere beren ingurunearekin hartu-eman zuzena izan dute; hori bai, Mendebaldeko jarduerekin batere zerikusirik ez duten helburu, mekanismo, eta emaitzekin. Beraz, Mendebaldeko paisaia-margolariek inposatu nahi izan duten ikuspegiaren kontra, landu gabeko lurrik ez da existitu, lur hori bera jadanik gizakien esku-hartzea jasandakoa baita. Ildo horretan, mihisean irudikaturiko paisaian hasieratik iltzaturik egon dira epistemologia indigenak, margolariak haiek aitortzeko gai izan ala ez.