30 NOV. 2025 EHUNMILIAK, ETENA HAMABOST URTEKO IBILBIDEAN 2010ean sortu zen Beasainen Euskal Herriko mendi lasterketa entzutetsuenetakoa: Ehunmiliak. Haatik, arazo ekonomikoak, nekea eta errelebo falta tarteko, lasterketa ez da egingo datorren urtean. Mikel Valdivielso antolakuntzako kideak aitortu duenez, «herria triste dago, lasterketak arima ematen baitio Beasaini». Ehunmiliak lasterketa hasi aurretik, korrikalariak Beasaingo irteeran prest. (Gorka RUBIO | FOKU) Ion GARATE - Aritz SANTAMARIA e hunmiliak Ultra Traila bezalako proiektu bat antolatzea ez da asteburu bateko kontua, eta hori ondo azaldu dio Mikel Valdivielso antolakuntzako kideak NAIZ Irratiari. Urte osoan zehar egiten den lana da, isilean baina etengabe. «Jendeak ikusten duena da asteburuko jai erraldoia, baina atzean hilabeteetako planifikazioa dago: baimenak, segurtasuna, ibilbideak, hornidura guneak, boluntarioak… Dena lotu behar da», aitortu du. Eta elementu horietako bakoitza zaindu ezean, engranajeak ez du funtzionatzen. Ez da erronka makala, Gipuzkoako 30 herri eta lurraldeko mendi anitz zeharkatzen baititu probak, besteak beste: Txindoki (1.346 m), Ganboa (1.402 m), Aizkorri (1.528 m), Erlo (1.026 m), Hernio (1.075 m) eta Izazpi (967 m). Horrez gain, asteburu berean, Goierriko Bi Handiak (88 kilometro) eta Marimurumendi (42 kilometro) probak ere antolatzen dituzte, exijentzia gutxiagoko hitzorduak. 2010. urtean martxan jarri zuten ekimena Valdivielsok eta bere taldekideek, eta, azken hamabost urteotan zehar, Beasaingo herria giro mendizalez blaitu da lasterketari esker. Hain zuzen ere, Gipuzkoako herri horretatik abiatzen ziren parte-hartzaileak. Oztopoak oztopo, mendi korrikalarientzako lasterketaren eguna gorriz markatutako data zen egutegian. 2018an bertan behera geratu zen proba, gauean izandako ekaitz bortitzak eta tximistak zirela-eta. Ildo berean, 2020an eta 2021ean, pandemia zela eta, ezin izan zuten antolatu. Valdivielsok nabarmendu duenez, beti argi izan dute kalitate minimo bat bermatu nahi zutela, eta horrek presioa areagotu egiten zuen. «Ehunmiliak ez da edozein lasterketa, maila altuko proiektua da, eta horrek exijitzen du xehetasun guztiak zaintzea», azaldu du. Horregatik, azken urteetan, baliabide ekonomiko eta giza baliabide falta tarteko, gero eta zailagoa izan da proba behar bezala antolatzea: «Gure erritmoa ez zegoen gastuen erritmoaren pare, eta egia da horrek nekatu egiten zaituela». Valdivielsoren hitzetan, gainera, horrelako lasterketa bat antolatzeak ez du bakarrik neke fisikoa eragiten, emozionalki ere zama handia da. «Boluntarioen, korrikalarien eta herri oso baten ilusioa eramaten duzu motxilan», dio. Saminetik aitortzen du lasterketak «arima» eman diola herriari, eta pentsatzen du datorren urteko uztaila iristean, «Beasain triste» egongo dela. Dena den, gauza bat argi utzi nahi izan du: «Nahiago dugu duintasunez atseden hartu, gure mailari eutsi ezinik jarraitzea baino». ATEAK EZ DIRA ITXI EHUNMILIAK PROBARENA EZ DA BEHIN BETIKO AGURRA. ANTOLAKUNTZAK AZPIMARRATU DU PREST DAGOELA PROIEKTUA BESTE TALDE BATEN ESKUETAN UZTEKO ETA BERAIEI LAGUNTZEKO. «ORAINDIK EZ GARA HIL, BAINA DAGOENEKO BEILATOKIAN JARRI GAITUZTE». «Gure buruari urtebeteko atsedena eman diogu proiektua bizirik mantentzeko, eta, jendearen erreakzioa ikusita, ni poztu egin naiz; mezu asko jaso ditugu, laguntza eskaini digute...», azaldu du. Ehunmiliak mendi lasterketa herritik eta herriarentzat sortu zen duela hamabost urte, eta herriak asko zor dio antolakuntza taldeari. Urteetan zehar herritarren berotasuna sentitu dutela aitortu du Valdivielsok: «Jendearen babesa sentitu dugu beti, animoak eman dizkigute, orduan, erabakiarekin batera, etorri da herritarren harridura, eta behin tragoa pasata, pena sentitu dute, nire ustez». «GIZARTEA ALDATU EGIN DA» Erabakiaren atzean ezkutatzen diren arrazoien artean, errelebo falta dago. Are, belaunaldi berrien inplikazioa lortzea zailagoa da egun horrelako proiektuetan. «1.800 boluntario inguru izan ditugu aurten, baina gizartea aldatu egin da, eta auzolanean aritzea, horrelako proiektuetan murgiltzea gehiago kostatzen da. Indibidualismo ikaragarrian erori da gizartea», Valdivielsoren iritziz. Horren harira, Ehunmilien neurriko lasterketa bat antolatzeko sekretuak «elkarlana eta auzolana» direla dio Valdivielsok: «Orduak eta orduak egon dira boluntarioak lan egiten urte hauetan guztietan, ezeren truke eta aurpegi txarrik jarri gabe, eta energia horrekin kutsatzen ginen denok. Norabide berean lan egiten genuen denok proiektuaren alde; funtsean; elkarlanari esker». Alor ekonomikogatik galdetuta, Valdivielsok sinesten du dirua sartzen denean, «gauzak zikindu» egiten direla eta «sarritan balioak pikutara» joaten direla. Haatik, «saiatu gara gure hasierako filosofia eta esentzia mantentzen», aitortu du.