01 DIC. 2025 PILOTA Altuna III.a-Ezkurdiaren joko itogarriak Elordi-Zabaleta txikitu ditu azkenerako Gorriak 6-1 aurreratu dira amezketarrak jarritako erritmoari esker, baina urdinek estrategia aldatu, jokoa atzean kargatu eta 9-9 berdintzea lortu dute. Lehen atsedenaldiaren ostean, baina, gipuzkoarrak eta nafarrak alde egin dute markagailuan. Altuna III.ak aurrean erritmoa ipini zuen atzo Eibarko Astelenan eta Ezkurdia atzean oso sendo aritu zen. (Aritz LOIOLA | FOKU) Imanol CARRILLO Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak berriro ere berretsi zuten atzo, Eibarko Astelena pilotalekuan, aurtengo Binakako Txapelketa irabazteko faborito nagusienetakoak direla. Amezketarra aurrean erritmoa ezarriz eta arbizuarra atzean atzelari onenen pare eutsiz, bigarren puntua eskuratzeko gai izan ziren nahi baina ezin aritu ziren Elordi eta Zabaletaren aurka (22-14). Lehenengo jardunaldian ikusi zen Altuna III.a-Ezkurdia oso serio hartzeko bikotea dela. 22-5 irabazi zieten Peio Etxeberria eta Rezustari, eta atzokoan beste aurkari indartsu batzuk zituzten aurrean San Andres egunean. Harmailak beteta, Arbizuko pilotariak atzean eman dezakeen maila neurtzeko egun aproposa zen, aurrean Zabaleta bezalako jotzaile indartsu bat baitzuen. Partida amaieran, arbizuarrak aitortu zuen ardura berezia sentitzen duela aurtengo txapelketan, pilotaleku guztiak atzeko koadroetatik ezagutu behar baititu. Ez dago ohituta lan berri hauetara, baina atzokoan, egia esan, egungo aurrelari txapeldunak ez zuen hutsik egin. Guztiz kontrakoa! Egia da Jokin Altuna izan zela hasieratik erritmo bizia ipini zuena, baina Ezkurdiak bizkartzain lan bikaina egin zuen atzeko koadroetan. Gainera, beste atzelariek ez duten ezaugarri bat du: aurrera joateko eta airez sartzeko instintua. Eta horrek aurkariak ito zituen azkenerako. LEHEN ATSEDENALDIRA ARTE Esan bezala, Altuna III.a izan zen hasieratik iniziatiba hartu zuena. Buruz Buruko txapeldunak oso argi zuen zer nolako jokoa egin behar zuten Elordi-Zabaleta bezalako bikote bati mina egiteko. Aurkariei pentsatzeko denbora utzi gabe, amezketarrak erasora jo zuen lehenengo tantotik. 4-1ekoan hasi zen ikusten partida nondik nora joan zitekeen. Elordik erasora jo nahi izan zuen, baina ezin, eta Altunak ezkerrez txokoan goxo uztean, Zabaleta iritsi egin zen, baina amezketarrak boleaz erantzun zion atzelari urdinari pilota hanketara bidaliz. Gorriak 6-1 eta 7-3 aurreratu ziren; azken tanto horretan Ezkurdiak oso lan ona egin zuen defentsan, aurrean lurrera botaz pilota bat eramateko. Ondoren, bere bikotekideak atzean amaitu zuen tantoa. Bazirudien etxetik ekarritako ikasgaia ondo funtzionatzen ari zela, baina pilotan inoiz ezin da erlaxatu, eta urdinek estrategia aldatu zuten. Pilotakadak atzean kargatzen hasi ziren, Ezkurdia nekatzeko, eta bikain atera zitzaien. Izan ere, 8-8 eta 9-9 berdintzea lortu zuten; hala ere, 10-9koa oso tanto gogorra izan zen, partidako gogorrena -50 pilotakadakoa-, eta gorrien alde erori zen. Ezkurdiak aurreratzeko eta pilotak airez jotzeko duen abileziak denbora murrizten du eta aurkariak itotzen amaitzen du. Urdinek horixe sufritu zuten atzokoan. Lehen atsedenaldira bi tanto aurretik iritsi ziren Altuna III.a-Ezkurdia (12-10), eta hortik aurrera gauzak aldatu egin ziren. Elordik, atzean, 12-11koa lortu bazuen ere, gorriak 20-11ra alde egin zuten zuzenean, urdinen esperantza guztiak zapuztuz. Tartean, gainera, Altuna III.aren tanto eder bat ikusteko aukera izan zuten ikusleek: ezkerrez joko zuela denak engainatuz, azken unean eskuinez goxo utzi zuen txokoan 19-11koa egiteko. Partidako azken tantoetan Elordik asmatu egin zuen jokaldiak amaitzerakoan, baina beranduegi zen eta Zabaletaren huts batekin amaitu zen norgehiagoka. Aparta izan zen. EMAKUMEEN LAU ETA ERDIKOA Miriam Arrillagak eta Nora Mendizabalek uko egin behar izan zieten Olatz Arrizabalagaren eta Amaia Aldairen aurka jokatu behar zituzten Lau eta Erdiko final-laurdenetako partidei eta bi bizkaitarrak finalerako txartel bat izango dute jokoan datorren asteburuan Basaurin. Asteazkenean, Villabonan, beste bi partidak jokatuko dira, eta bertako bi garaileak izango dira aurrez aurre beste finalerdian: Enara Gaminde / Itxaso Erasun eta Maddalen Etxegarai / Goiuri Zabaleta. 3. JARDUNALDIAHauek dira Binakako txapelketako hurrengo jardunaldiko partidak: ostiralean, Zornotzan, Elordi-Zabaleta / Peio Etxeberria-Rezusta; larunbatean, Bartzelonan, Altuna III.a-Ezkurdia / Zabala-Martija; igandean, Donostian, Laso-Albisu / Larrazabal-Mariezkurrena II.a; eta astelehenean, Tolosan, Jaka-Iztueta / Artola-Imaz.