01 DIC. 2025 Euskal partaidetza nabarmena MASS jaialdiaren bigarren edizioan Montevideon (Uruguai) eta Buenos Airesen (Argentina) ospatu dute egunotan MASS jaialdiaren bigarren edizioa. Zikloa sei filmek osatu dute, aurretik Zinemaldian eta Malagako Jaialdian estreinatutakoak, eta euskal parte hartze nabarmena izan du. «Bereziki hunkigarria izan da ‘Karmele’-ren emanaldia, diktadura garaiko euskal erbesteratuen seme-alabek hartu baitute hitza», azaldu du Jose Luis Rebordinosek GARAri eginiko adierazpenetan. Asier Altuna zuzendaria, Loreto Mauleon aktorea eta Koldo Zuazua ekoizlea MASS jaialdian. (Juan GONZALEZ) GAIZKA IZAGIRRE Iazko Donostia Zinemaldian, Argentinako zinemari babesa adierazteko ekitaldia egin zen Javier Mileik bertako industria desegiteko hartutako neurrien aurrean. «Edizio honetan 26 film argentinar daude; hurrengoan, ziurrenik, bost, bi edo bat ere ez», adierazi zuen Lola Arias zuzendariak. «Donostiako Zinemaldiak, kultura adierazpen den heinean, ezin du alde batera utzi gobernu batek bertako zinematografia desegin izana, eta, gainera, milaka herritar hil zituen diktadura militar bat justifikatzea», gehitu zuen Jose Luis Rebordinosek. Agerraldi hura Donostia Zinemaldiak Latinoamerikako zinemari eskaintzen dion babesaren adibide garbia izan zen. Oro har, jaialdia leiho oso garrantzitsua izan da historikoki, eta Argentinak presentzia bereziki nabarmena izan du. Hamarkadak dira Horizontes Latinos sailean Hego Amerikako hainbat tokitako pelikulak lehiatzen direla, baina sail horretatik kanpo ere Lucrecia Martel, Pablo Trapero, Carlos Sorin, Diego Lerman, Ana Katz eta beste hainbat zuzendari handi izan dira Donostian beren lanak aurkezten. Horrez gain, industriarekin loturiko hainbat ekimen daude, eta horiek Hego Amerikako proiektuei bultzada garrantzitsua ematen diete. MASS ETA ARGENTINAKO ZINEMAREN EGOERA OrcaFilmsek ekoitzia, MASS jaialdia Argentina, Uruguai, Donostia eta Malagaren arteko elkarlan naturaletik sortutako egitasmoa dela esan daiteke. Bi jaialdietako zenbait film hautatu eta Hego Amerikako herrialde horietan proiektatzen dira. Aurten, azaroaren 24tik 26ra Uruguaiko Zinematekan eskaini dira, eta Buenos Aireseko San Martin antzokiko Lugones aretoan, 28tik 30era. Proiekzioez gain, prentsaurrekoak, solasaldiak eta arte dramatikoko eskolekin topaketak egin dira, baita profesionalen eta sortzaileen arteko elkarrizketak ere. Filmetako lantaldeetako hainbat ordezkarirekin batera, bertan izan dira Malagako Jaialdiko zuzendaria, Juan Antonio Vigar, eta Donostia Zinemaldiko zuzendaria, Jose Luis Rebordinos. «Iaz jarri genuen martxan proiektu hau; OrcaFilmsek ekoizten du, eta ekimenak Espainiako Kultura Ministerioaren laguntza jasotzen du, Zinematografia eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren (ICAA) eta Acción Cultural Españolaren (AC/E) bidez, kultura nazioartekotzeko ildo estrategikoaren barruan. Gure kasuan, hiru film aukeratu behar genituen: ‘Karmele’, ‘Los Tigres’ eta ‘La cena’ izan dira aukeratuak; baina ezinbestekoa iruditu zitzaigun film bakoitzeko lantaldeetako kideak ere ekartzea», azaldu dio GARAri Rebordinosek. «Asier Altuna zuzendaria, Koldo Zuazua eta Juan Moreno ekoizleak, baita Asier Etxeandia eta Manuel Gomez Pereira ere etorri dira -gehitu du-. Uruguain hasi dugu ibilbidea, eta ia egunero bete dira aretoak; oso esperientzia berezia izan da. Bereziki hunkigarria izan da ‘Karmele’ filmaren emanaldia, diktadura garaiko euskal erbesteratuen seme-alabek hartu baitute hitza». Argentinako zinemagintzaren egoera larriari buruz mintzatu da ere Zinemaldiko zuzendaria: «Argentinako Zine Akademiak antolatuta, topaketa bat izan dugu Juan Antonio Vigar eta biok 30 ekoizlerekin, Argentinako zinemak bizi duen une latzaz hitz egiteko eta guk zertan lagundu dezakegun aztertzeko. Izan ere, Javier Mileiren Gobernua bertako zinema suntsitzen ari da; ia ez da film argentinar berririk egingo, eta soilik estudio handien babesa dutenak izango dira ekoizteko moduan. Iaz, esaterako, Donostiako Sail Ofizialean hiru film argentinar izan genituen, baina bata Netflixena zen, bestea Amazonena, eta hirugarrena Suitzarekin egindako koprodukzioa. Work in Progress sailean, berriz, hamabost urtean lehen aldiz ez dugu film argentinar bakar bat ere izan. Bertako zinemak, babes publikorik gabe, oso zaila du bizirautea». Donostia Zinemalditik eraman dituzten hiru filmetatik, euskaraz filmatutako “Karmele” izan da horietako bat. Asier Altuna Montevideon eta Buenos Airesen izan da filma aurkezten: «Bidaia hau oparia izan da guretzat, esperientzia izugarri polita. Horrelako gauzak bizitzeko aukera izatea, filmak egiteak eskaintzen dituen oparietako bat da. Emanaldietara diasporako hainbat lagun gerturatu dira, eta solasaldi ederrak izan ditugu. Hernaniko eta Euskal Herriko beste herri batzuetako lau neska ere, Erasmus programa egiten ari direnak, bertaratu ziren», adierazi digu Bergarako zinemagileak. Filmak Txomin Letamendi eta Karmele Urrestiren historia azaltzen du. 1936ko Gerran Karmele Urresti (Jones Laspiur) erizain gaztearen familiak Ondarroatik alde egin zuen itsasontzian. Bertan, Parisen erbesteratutako beste euskal gazte batzuk ezagutu zituen Urrestik, tartean, Txomin Letamendi (Eneko Sagardoy) jazz musikari eta militantea. Bigarren Mundu Gerra hasiberri, Venezuelara joan ziren biak, naziengandik ihesi, eta gero, Euskal Herrira bueltatu ziren, hiru seme-alabekin. EUSKAL ERRIA EREMUA Altunaren filmaz gain, Huelvako itsasadarrean girotutako “Los Tigres” drama familiarra ere aurkeztu dute. Bertan izan da Kowalski Films ekoiztetxeko Koldo Zuazua ekoizle donostiarra. «Oso esperientzia positiboa izan da. Egiten ditugun gauzak gure mugetatik urrun partekatzea, eta. gainera, publikoaren erreakzioa lehen pertsonan sentitu eta ikusteko aukera izatea, ederra da. Guri, ekoizle gisa, galdera asko egin dizkigute pelikula teknikoki nola egin zen galdetuz», azaldu du Zuazuak. «Bitxikeria modura, Montevideon Euskal Erria izeneko eremu bat dagoela deskubritu dugu (H-rik gabe). Autobus-linea baten amaiera da, eta jendeak egunero hartzen du ‘Euskal Erria’ helmuga duen autobusa», erantsi du. Malagako zinema-jaialdiaren programazioaren barruan, berriz, Celia Rico zinemagilearen “La buena letra” nabarmendu behar da; izan ere, Ricorekin batera, Loreto Mauleon aktore euskalduna izan da filma aurkezten. «Uruguaiko Zinematekan egin dugu filmaren proiekzioa, eta oso hunkigarria izan da. Gure pelikula honaino ekarri eta jendearekin partekatzea opari bat izaten ari da; saioaren amaieran galdera polit asko egin dizkigute», azaldu du Mauleonek. Uruguaiko Euskal Etxean ere izan da aktorea: «Asko gustatu zait bertan lan egiten duen gizonak transmititutako emozioa. Txikia zela bere familiak egiten zuen lan bertan, eta orain bera dago postu berean. Ez da euskalduna, eta ulertu nionaren arabera, ezta bere familia ere; hala ere, kontatu zigun euskara ikastera jendea joaten zela, bereziki online formatuan». “La cena” film espainola (Asier Etxeandia aktore bilbotarraren presentziarekin), Eva Libertaden “Sorda” eta Avelina Praten “Una quinta portuguesa” ere zikloaren barruan eman dituzte. ASIER ALTUNA«Bidaia hau oparia izan da guretzat, esperientzia izugarri polita. Horrelako gauzak bizitzeko aukera izatea, filmak egiteak eskaintzen dituen oparietako bat da. Hernaniko eta Euskal Herriko beste herri batzuetako lau neska ere, Erasmus programan direnak, bertaratu dira» LORETO MAULEON«Uruguaiko Zinematekan egin dugu filmaren proiekzioa, eta oso hunkigarria izan da. Bertako Euskal Etxean ere izan gara eta asko gustatu zait bertan lan egiten duen gizonak transmititutako emozioa»