02 DIC. 2025 KOPA Alaves eta Osasuna, poztasun bila Portugaleteren eta Ebroren aurka Lehen Mailako bi taldeek Ligan daramaten bolada txarra alde batera utzi nahi dute 19.00etatik aurrera. Gasteiztarrek La Florida zelaia bisitatuko dute, Valladolid kalean utzi zuen talde bizkaitarraren aurka jokatzeko. Iruindarrak Zaragozan lehiatuko dira. Portugaleteko taldea, Valladoliden aurkako aurreko kanporaketan sailkapena ospatzen. (Oskar MATXIN | FOKU) Imanol CARRILLO Futbolzaleak inoiz ez datoz bat. Zer da hobea, Ligan emaitza txar bat izan ostean, hurrengo neurketa ahalik eta azkarren iristea edo egun batzuk pasatzen uztea ideiak argitzeko eta zerotik hasteko? Kirol honek, beste askok bezala, eztabaida ugari pizten ditu. Argi dagoena da gaur lehiatuko diren Lehen Mailako bi taldeak, Alaves eta Osasuna, poztasun baten faltan direla. Gasteiztarrek oso lan txukuna egin zuten larunbatean Camp Nou zelai berrian, nahiz eta Barçaren kontra 3-1 galdu; eta iruindarrek 2-0koa berdintzea lortu zuten Mallorcan. Hala ere, ez daude festarako eta Kopa Ligako zauriak sendatzeko erabil lezakete. Itxuragatik agian ez, baina emaitzengatik bereziki, Alavesek beharra du garaipena ospatzeko. Derbi bikoitza du aste honetan: gaur, La Florida zelaian, Portugaleteren aurka (19.00) eta larunbatean Mendizorrotzan Realaren kontra. Kopako lehen kanporaketan 0-7 irabazi zuten babazorroek beste derbi batean, Getxon. Baina gaur aurrean izango duten aurkaria ez da edonolakoa. Izan ere, Portugalete moralez gainezka iritsiko da hitzordu honetara. Aurreko kanporaketan Bigarren Mailako Valladolid kanporatu zuten bizkaitarrek, eta orain Lehen Mailako aurkaria izango dute. Lehen Mailako bosgarren aurkaria izango du Portugaletek bere historian, lehenago Unai Emeryk zuzendutako Valentzia -1-4 galdu zuen-, Getafe -kanporatuta geratu zen, 1-1 joanekoan eta 0-0 itzulerakoan-, Betis -0-3 galdu zuen- eta Levante -0-2 galdu zuen- aurkari izan ostean. Beraz, esperientzia falta ez dute izango. Gainera, Hirugarren Federazioko liderrak dira, eta horrek «lasai eta konfiantzarekin» jokatzeko lagunduko diela aitortu du Pedro Belar jokalariak. Mikel Ortiz de Urbinak, Alaveseko bazkidea izanik, «ilusio handiarekin» dagoela aitortu du, baina irabaztera aterako direla. OSASUNA, «TRANPA» EKIDIN NAHIAN Eta zer esan Osasunaren inguruan? Mallorcan markagailuan 2-0 atzetik zihoazen gorritxoak 82. minutuan, baina dena galtzeko zutela ikusi zutenean, partida berdintzea lortu zuten. Iruindarrak ez daude erlaxatzeko, jaitsiera postuan dagoen Gironarekin berdinduta baitaude. Gauzak hala, Alessio Liscik buelta ugari emango zizkion buruari Ebroren aurkako Kopako partidari begira. Italiarrak oso argi adierazi zuen prentsaurrekoan «oso mentalizatuta» egon behar dutela «partida tranpa» bat ez izateko. Hasteko, 22 jokalariko deialditik kanpo utzi ditu Moncayola, Aimar, Valentin Rosier eta Iker Benito. Horien ordez sartu dira harrobiko Pedroarena, Arroyo, Arguibide, Mikel Serrano eta Aly Kall. Nafarrek ez zuten arazo handiegirik izan Sant Jordi kanporatzeko (0-5) eta Raul Garcia de Harok hiru gol sartu zituen. Hamaikakoan egotea entrenatzailearen erabakia izango da, baina aurrelariak aukera handia du jokatzeko. Ebro, aldiz, Bigarren Federazioko taldea da eta aski sufrituta lortu zuen kanporaketa honetarako sailkapena. Izan ere, etxean, 1-1 amaitu zuen Tarazonaren aurka, baina penaltietan 4-3 gailendu eta beste aukera baten bila zelairatuko dira gaur jokalariak. LIGA, URTARRILALaLigak 18. jardunaldiko egutegia eta ordutegiak jakinarazi ditu. Sadarren jokatuko den Osasuna eta Athleticen arteko derbia urtarrilaren 3an izango da, 16.15ean; eta Alavesek eta Realak Oviedo eta Atletico jasoko dituzte hurrengo egunean, 18.30ean eta 21.00etan.