02 DIC. 2025 Hirugarren kaltetu batek salatu du PSGren partidaren atarian Ertzaintzak zauritu zuela Ertzaintza, 2024ko martxoaren 5ean, Anoetan. (Jon URBE | FOKU) GARA DONOSTIA 2024ko martxoan Realak eta PSG taldeak Anoetan jokatutako partidaren aurretik Ertzaintzak kargatzearen ondorioz zauritu zen hirugarren biktima batek salaketa jarri du. Foam jaurtigailu batekin tiro eginda, lepoan eman zioten. SIR-X motako jaurtigailua da, eta emakumeak berak du foam pilota gordeta. Egun horretan zauritu ziren Amaya Zabarte eta Maria Martin ere, foam pilota batek lepoan jota hauek ere. Egunean bertan jarri zuen salaketa hirugarren honek ere, baina berriro salatzea erabaki du 50 urteko emakumeak. Gertatzen ari diren «injustiziak» direla-eta, indarra egin eta justizia eskatzeko jarri du salaketa berriz. 2024ko martxoaren 7an jarri zuen lehenengoa, baina epaileak nork tiro egin zuen argitzeko zailtasunak zeudela-eta artxibatu egin zuen. Kasua askoz urrunago ez zela iritsiko iritzita, emakumeak ez zuen bertan behera utzi zuen kontua, baina Zabarteren kasuan senideek egindako borroka ikusita iritziz aldatu eta berriz ekin dio. Azaldu duenez, Anoetatik gertu paseoan zebilela, 20.15 aldera Armeria plaza inguruan ia lurrera bota zuen tiro bat jaso zuen, baina zeraman beroki lodiari esker orekari eutsi ziola eta bertan geratu zela foam pilota. Oraindik berak du pilota hori, komisariara joan zenean bertan uzteko esan zioten arren. AUZIBIDE BAKARRA Biktima honek 50 metro ingurutik tiro egin ziotela uste du. Honekin, gora doaz Ertzaintzak foam jaurtigaiengatik kaltetutakoak. Zabarte eta Martinen kasuekin batera auziak auzibide bakar gisa kudeatzeko aukera aztertzen ari dira abokatuak.