GARA Euskal Herriko egunkaria

«Indarkeria matxistaren adierazpenak ikusaraztea da Beldur Barik-en xedea»

Azaroak 25eko Donostiako manifestazioa. (Jon URBE | FOKU)

Beldur Barik lehiaketaren azken edizioak parte hartze oparoa izan du aurten, 300 lan baino gehiago aurkeztu baitira. Gazteek, euren ikus-entzunezko sormenaren bidez, indarkeria matxistako egoerak identifikatu eta haiei aurre egiteko gogoeta kolektiboak egin dituzte. Oihana Llorente Parean elkarteko kidearen hitzetan, «gazteek beren errealitatean sumatzen dituzten indarkeria matxistako adierazpenak ikusaraztea eta horiei aurre egiteko jarrerak indartzea» da lehiaketaren xedea.

Llorentek nabarmendu zuen lehiaketa hamabi eta hogei urte arteko gazteei zuzenduta dagoela, eta irizpideak sinpleak direla: «Hiru minututik beherako bideoak izan behar dute, azpitituluak eduki behar dituzte eta ‘beldur barik’ jarrera erakutsi behar dute; hortik aurrera, askatasun osoa dute». Horrek aukera ematen die beren ikuspegia modu pertsonalean edo kolektiboan lantzeko.

Parte hartzaileen profilari dagokionez, datuek joera garbia erakusten dute, neskak dira gehienak: «%60-67 artean neskak, eta ia %35, mutilak», azaldu zuen Llorentek. Horrek badu isla aurkeztutako lanetan ere, maskulinitatearen inguruko hausnarketek presentzia handia hartu baitute: «Oso gogoeta interesgarriak jaso ditugu maskulinitatearen esparrutik, eta bi bideo irabazleak hortik doaz».