04 DIC. 2025 AFTER THE HUNT Formalki bikaina, mezua zalantzagarria Gaizka IZAGIRRE HERNANI Ayo Edebiri, Julia Roberts eta Andrew Garfield protagonista dituen filma, Luca Guadagninok zuzendua eta #MeToo gaiaren inguruan sakontzen duena. Osagai ezin hobeak ziruditen film borobil baterako, baina, indarguneak izan arren, erdibidean geratzen da. Formalki zein narratiboki bikaina bada ere, helarazi nahi duen mezuak zalantzak sortzen ditu. Maggie (Ayo Edebiri) ikasleak Hank (Andrew Garfield) irakasleak sexualki eraso diola kontatzen dio Alma (Julia Roberts) irakasleari. Hanken lankidea da Alma eta Maggierekin lotura estua du. Ezbehar horrek Almaren baitan gordetako iragan ilun bat aterako du argitara. Pertsonaiak ederki marraztuak daude, bakoitza bere geruza moralaren ertzean dantzan; zuzendariak tentsioa ñabardura ezberdinetan banatzen du. Filma hasieratik murgiltzen da #MeToo eta kantzelazioaren kulturaren eztabaidan, baina egiten duen planteamenduak zalantzak pizten ditu. Almaren iraganari dagokionez, filmaren egituraren barruan funtsik gabeko pisua hartzen du. Salaketa faltsuen gaia honelako obra batean txertatzea guztiz desegokia da; gogorarazi beharko litzaioke zuzendari italiarrari halako kasuen portzentajea ia hutsaren parekoa dela. Diskurtsoa hasieran argia den arren, minutuak igaro ahala, lausotu egiten da. Zilegi den tratamendu narratiboa aukeratzen du, non anbiguotasuna filmaren bizkarrezurra bihurtzen den. Hori ez da berez negatiboa, baina #MeToo mugimenduaren testuinguruan, “anbiguotasun moralak” kritikatu nahi dituen dinamika berak erabiltzen ditu, nahi gabe bada ere. Filmak ikuspegi ausartago bat hartuko balu, thriller gogoangarria izango litzateke; baina sakondu beharrean, diskurtso ozpinduak berpizten ditu.