05 DIC. 2025 Entrevista Iraia DE LA TORRE eta Intza GURRUTXAGA Euskal Herrian Euskaraz-eko kideak «Euskararen normalizazioa gauzatu ahal izateko derrigorrezkoa da independentzia» «Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika» leloarekin, manifestazio nazionalera deitu du Euskal Herrian Euskaraz-ek bihar Durangon (13.00etan, Landakon). «Ez da huskeria euskararen alde milaka lagun mobilizatzea. Larrialdi egoera honetan aktibazioa sustatzeko bide bat da», nabarmendu dute Iraia de la Torre eta Intza Gurrutxaga kideek. (Gorka RUBIO | FOKU) Maider IANTZI DONOSTIA Hitzordu garrantzitsua antolatu du Euskal Herrian Euskarazek biharko, Durangoko Azokan euskararen alde kaleak hartzeko. 13.00etan abiatuko da martxa Landakotik, «Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika» leloarekin. 30 eragilek baino gehiagok eman diote atxikimendua ekimenari. Intza Gurrutxaga eta Iraia de la Torre EHEko kideak dira; Getariakoa da lehena eta Azagrakoa, bigarrena. Oroitu dutenez, etenaldi baten ondotik (pandemiagatik eta EHEk garai ahulago batzuk bizi izan dituelako) iaz heldu zioten berriro ere manifestazioari. Aurten, bigarren urtez antolatu dute hitzordua. «Mugimendu bat eta kezka bat sumatzen da euskalgintzan eta kaleko giroan, eta horren aurrean euskalgintzatik badago diagnosi kolektibo bat: larrialdi egoeran gaudela», hasi da Gurrutxaga azaltzen. Hipotesi bat hautsi De la Torrek erantsi du diskurtso bat zabaltzen ari dela hipotesi bat apurtzen duena: euskararen normalizazio prozesua aurrera doa. «Gaur egungo diskurtsoak hori apurtzen du eta horrek dagoen ezinegon hori bideratzeko aukera ematen digu, kaleak euskararen alde hartzeko eta euskararen zapalkuntza hori, ez dena inoiz eten baina ezkutuago egon dena, berriro azaleratzeko». Hor kokatzen da manifestazioa, eta bere diskurtsoa edo ikuspegia zabaltzeko aukera emanen dio EHEri: «Euskararen normalizazio prozesua benetan gauzatu ahal izateko derrigorrezkoa da estatu egitura propioak izatea; hau da, independentzia». Hori kaleak hartzearekin lotuta dago. Antolaketari dagokionez, Azagrakoak bi ildo aipatu ditu. Bata EHEren bueltako militanteekin lanketa egitea eta militantzia euskaltzalea astintzea. Horretarako egin dute hitzaldi sorta, ez soilik manifestazioa aurkezteko; euskararen egoeraren gaineko hausnarketa zabaltzeko eta kontzientzia hartzeko ere bai; bertzetik, nola heldu jendarte zabalarengana. HITZALDI ZIKLOA EHEk hamar hitzaldi inguru egin ditu herriz herri. Horietan Iñaki Iurrebasok egindako tesia erabili dute, hizkuntza politiken atzean zegoen hipotesi bat apurtzen duena: ezagutzak ekarriko du erabilera. «Guretzat oinarrizkoa da, jakinda hori ez dela gertatzen ari eta arazoa batez ere gaitasunarena dela, ‘orain zer?’ galderari erantzutea». «Euskararen Errepublika» da EHErentzat helmuga. Izan ere, «normalizazio prozesu batzuk aurrera eraman ahal dira gaur egungo espazio honetan, bereziki EAEn baina, hala ere, bi estaturen mende jarraitzen dugu. Horrek muga batzuk jartzen ditu eta, gainera, EAEn ikusten ari den bezala, une batean atzerapausoak egon daitezke». Hori jakinda, ezinbertzekotzat jotzen du EHEk egitura propioak sortzea eta independentzia lortzea normalizazio prozesua garatzeko. EHEn batzorde bat dago, mugimenduaren urte osoko jardunaren gidaritza daramana. Batzorde hori bost kidek osatzen dute. Horretaz gain, 150 kide inguru dituzte Euskal Herri osoan. EHEk eragile independentista dela zehaztu zuen 2021ean. «Horrek ez du esan nahi aurretik ez zenik. Txillardegi zen EHEren sortzaileetako bat eta hark esaten zuen: ‘Estatu batekin agian euskara ez da salbatuko, baina estaturik gabe ziur ezetz’. Oinarritik lotu izan da euskararen borroka independentziarekin, baina azken urteetan independentzia ez zen hainbeste aipatzen; euskararen gaia ez politizatzeko joera egon da. Askatasun indibidualetan lagatzen zen, euskarak erakarri egin behar duela esaten zen... Marko hori berriz kokatu behar zen: euskarak egiturazko zapalkuntza bat jasaten du, eta hori gainditzeko egiturazko baliabideak behar ditu, estatu propio bat», azaldu du getariarrak. INTERSEKZIONALITATEA Iraia de la Torrek gaineratu du momentu zehatz batean independentzia herri mugimendu guztien erdigunean kokatzen zela; nahitaez bete beharreko baldintza zen, ez zen aipatzen ere. Orain, esplizitatzeko beharra ikusi dute. «Jakinda independentzia ez dela hain agerikoa, nola erakarriko dugu jendea, ikus dezan independentzia beharrezkoa dela ez soilik euskararentzat, baizik eta Euskal Herri justuago bat lortze aldera?». 2021eko prozesuan, intersekzionalitatearen gaia landu zutela oroitu du Azagrakoak. «Independentzia ez dugu euskalgintzatik bakarrik lortuko, baizik eta herri mugimendu guztiok balio eraldatzaile horiek batzen baldin baditugu, euskara ardatz. Alegia, ez dugu defendatzen estatu propio bat sortzea, estatu horrek ez baditu zapalkuntza guztiak gainditzen». Hori da EHErentzat interesgarri izan daitekeen gako bat bertze herri mugimendu batzuetan ibiltzen diren kideak ere batzeko eta independentziaren gaia berriro erdigunean jartzeko. «Zapalkuntzarik gabeko Euskal Herri hori da euskaratik sustatuko eta lortuko dena. 60ko hamarkadan askatasunaren aldeko borroka gisa hartzen zen euskara, eta orain ere zentrala da hizkuntza zentzu guztietan askea izango den Euskal Herri baterako», baieztatu du Gurrutxagak. JUSTIZIA «Jakinda independentzia ez dela hain agerikoa, nola erakarriko dugu jendea, ikus dezan independentzia beharrezkoa dela ez soilik euskararentzat, baizik eta Euskal Herri justuago bat lortze aldera?»