05 DIC. 2025 Entrevista AITOR URIARTE Latzen taldeko abeslari eta gitarra-jotzailea «Lau pistako grabagailu batean genituen ideiak berreskuratu ditugu» Urte luzez isilik egon eta gero, herdoila gainetik kendu eta udan agertu ziren taula gainean berriz ere Latzen taldekoak. Joxe Azpitarte, Gorka Lazkano eta Aitor Uriarte hasieratik daude taldean eta, orain, Yerko Ortiz batu zaie. Elkartu, kantuak sortu eta oholtzara irten, dena batera egin dute. “Denboraren orbainak” lana plazaratu berri du metal talde oñatiarrak. (Iñigo MALVIDO) IKER GURRUTXAGA DONOSTIA 30 urte dira Latzen taldeak “Kontzientzia ala infernua” debuteko lana kaleratu zuela. Metalaren munduan erreferentzia berri eta interesgarria izan zen, baina bide laburra izan zuen haien zaleentzat. “Ardi larruz” bigarren lana atera eta gutxira agur esan zuten, eta handik urte batzuetara “Hellmuga” diskoa osatzeko elkartu ziren. Ia bi hamarkada geroago, bueltan dira, eta indartsu datoz, ezbairik gabe. “Denboraren orbainak” izeneko diskoa da taldearen hirugarrena, eta berau aurkezten izan da Aitor Uriarte taldeko abeslari eta gitarrista NAIZ Irratiko “Musikharia” saioan. Zoriontsu sumatu dugu diskoa aurkezten. Sasoian zatozte; udako kontzertuetan eta diskoan argi geratu zaigu hori. Adinak ez du eraginik izan, itxuraz. Intentzioa hori zen. Diskoaren izena “Denboraren orbainak” da eta orbainak hor ditugu, baina ditugun bizipenak baloratzekoak dira eta gauza positibo bezala ikusten ditugu. Gaztetasuna buruan hor daukagunez, fisikoki ere saiatzen gara ahalik eta gazteen egoten. Nik uste dut gogotsu gatozela eta sentsazio onarekin. Diskoan bestelako abiaduratan zabiltzate, baina zuzenean ikusteko aukera izan dugunok asko harritu gaitu duela 30 urteko abestiak oraindik bere horretan jotzen dituzuela ohartzeak. Bai, saiatu gara Latzen izan zenarekin eta denarekin fidelak izaten. Baina hori bilatu barik irten den gauza bat da. Garai hartan tonu altuetan jotzen genuen eta geure artean ere esaten genuen arazo batean sartzen ari ez ote ginen. Baina horrela sentitzen genuen eta aurrera egiten genuen. Hortaz, orain horrekin guztiarekin segitu dugu. Nik neure burua abeslari bezala gehiago ikusi dut gitarra-jotzaile baino, eta, etapa honetan, disfrutatzeko asmoz, gitarrari bere denbora eskaini diot abesten hasi aurretik forma hartzeko. Beraz, bi lekuetatik gozatzeko aukera izango dut orain. Yerko Ortiz batu zaizue taldera gitarrarekin eta gogoratzen dut Hatortxu Rocken aurreko gitarra-jotzaile Iker Martinez de Zuazo ere irribarrez egon zela hari begira. Guretzat balio handia du horrek, gainera. “Marti” prozesu guztian hor egonda gurekin, nahiz eta ez den animatu Latzenekin oholtzara itzultzera. Hala ere, hor dago, atzeko lanetan. Disko zaharrak birmasterizatu ditugu eta prozesu horretan ere egon da bera. Latzeneko beste partaide bat da. Beste adin bat du Yerkok eta lehen aipatu dugun gaztetasuna ekarri du taldera. Beste ikuspuntu bat ere eman die kantuei eta teknikoki oso gitarra-jotzaile ona da. Ez du ezer fortzatu behar izan taldean sartzeko eta bat gehiago da. Zein unetan erabaki zenuten «Denboraren orbainak» sortzen hasi eta grabatzea? Gorka Lazkano bateria-jotzailea lokalera sartu zen abestiei errepaso bat eman eta fisikoki tonuan jartzeko eta musikaz gozatzeko, baina inongo pretentsiorik gabe hasi zen. Behin baino gehiagotan komentatu genuen berriz elkartzearena eta, tira, berriz lokalera hurbildu eta musikaz gozatzen hasi ginen besterik barik. Musikatik at egon gara urte luzez; Joxek Potemkinen eman zituen azken baxu-kolpeak, Gorkak Latzenekin eta nik Une taldeko ibilbidea utzi nuela ere denbora da. Hala, musikara itzultzeko ideia etorri zenean argi neukan bueltatuz gero zerbait berria egiteko izango zela, kantu berriak sortzeko. Mundu hori asko gustatzen zait eta azkenaldian nahikoa heavy ginela aprobetxatu nahi nuen. Musikatik aldenduta ibili naiz, kontzertuetatik-eta urrun, eta berriz musikaz disfrutatzen ari ginen honetan, Joxe eta biok Gorkarenera batu ginen. Baina iaz hasi ginen honekin, eta urtebeteren buruan, uztailean, estudioan sartzeko konpromisoa hartu genuen, nahiz eta azkenean irailean izan den. Denbora estuetan ibili gara, baina erronka horrek eta gauzak egiteko nahiak dena aurrera eramatea ahalbidetu du. Prozesua luzatzen utziz gero, beste dinamika batzuetan sartzen zara. Beraz, lan handia egin dugu, baina emaitza hor dago. Silvestar estudioan, Gasteizen, grabatu duzue Iker Bengoarekin. Bai, esperientzia polita izan da. Ikerren ikuspuntua hor egon da, ekoizle lanak egin ditu, eta nik uste dut diskoari bere puntua eman diola soinuari dagokionez. Hori diskoa zabaldu orduko nabari da, soinu gaurkotua duela Latzenek. Hala ere, taldearen garai bateko elementuak entzun daitezke. Uztarketa hori gauzatzea nola bizi izan duzue? Hor egon dira eztabaidak, jakina. Latzenen sena mantendu nahi genuen soinuz, nahiz eta lehendabiziko diskoa eta bigarrena oso desberdinak diren. Hirugarren hau oso desberdina izatea ez litzateke arazo izango, printzipioz, baina bai, izan genituen eztabaidak. Hala ere, gustura geratu gara soinuarekin. Abesti batzuk, gainera, duela 30 urtekoak dira. Lau pistako grabagailu batean gordeta genituen ideia batzuk berreskuratu ditugu eta horietatik abiatuta eginda daude. Gero, grabatzeko modua asko aldatu da, noski. Lehendabiziko diskoa analogikoan grabatu genuen, bigarrena erdi-digitalean eta hau erabat modu digitalean dago grabatuta. Hala ere, dena grabatuta dago eta dena ahalik eta naturalen izan dadin saiatu gara, soinu potentea eta gaur egungoa izan dezala, baina naturaltasunik galdu gabe. Gitarren soinua, baxuarena… Garai bateko material eta konfigurazio guztiak gordetzen zenituzten? Momentuz anplifikadore bera erabiltzen segitzen dut, esaterako. Nik Peavey 5150 klasikoa erabiltzen dut eta besteek ere berdin. Diskoan, adibidez, Mesa Boogie bat erabili dugu, garai hartan guk ere bagenuena, eta gaur egun existitzen ez dena. Baina horrekin grabatu ahal izatea garai hartako oroitzapenak berritzea izan da soinuz eta dinamikaz. Bitxia da «Eutsi» kantuko sarreran hardcore melodikoaren elementuak topatzea. Kasualitatea izango da, baina hau lehen esan dudan duela 30 urteko ideia horien artean zegoen. Pentsa, aldaketa sumatzen baduzu orduko aldaketa dela. Eta bai, kantua ez da beste kantuen estilo horretakoa, apur bat desberdina da, baina zuzenekoetan jokoa emango duela uste dut. Eskumako eskuari eman behar zaio. Gero aldaketa dator eta Led Zeppelinen «Stairway to heaven» abestiaren zerbait entzuten da hor. Orain hori diozula, bai. Errepikan entzuten diren akordeak berberak edo antzekoak dira, baina beste norabait doa hemen guztia. Baina, bai, izan daiteke bitxia. Langile borrokari egindako kantua da hau eta «teknofaxismoa» aipatzen duzue. Gaur egungo sareetako faxismoaren inguruan ari zarete, ezta? Bai, argi eta garbi. Gainezkatuta gaude erabat kontu honekin eta aldarrikatu egin nahi genuen horren kontra gaudela, eta, beste alde batetik, lehenagoko langileriak lortutako eskubideak goraipatu nahi genituen. Langile borroka ere aurreko etapatik hona aldatzen ikusiko zenuten. Bai, jakina. Gauza batzuk aldatu dira eta, lehengoek egindako lana hor badago ere, oraindik ere lan asko eta borroka asko dago egiteko geure eskubideen alde. Teknologia aipatuta, orain, sareetan bazabiltzatela, nolakoa izaten ari da zuen esperientzia? Hori izan da guretzat aldaketarik handienetakoa. Ideiarik ere ez geneukan sareen inguruan eta denek ere horien garrantziaz hitz egin digute. Bada, hor ere garapen bat izan dugu, gauzak nola diren ulertu, eta, zerbait ulertzera iritsi garen arren, oraindik asko dugu ikasteko. Itzulera honek eman dizun aukeretako bat Ura Bere Bidean emanaldian parte hartzea izan da. Alabarekin bizi izandako uneaz galdetu beharra dago. A zer-nolako ahotsa duen hark ere. Alabarentzat musika oso gustuko zerbait da. Ordu asko ematen ditu bai kantuan eta baita gitarrarekin ere eta bere bidea egiteko gogoz dago. Hortaz, hainbesteko gogoa zuela ikusten nuenez, Ura Bere Bidean-en abestea proposatu nion. Niretzat sekulako momentua izan zen, harrotasun momentua. Lehendabiziko aldia zuen oholtzan eta horregatik egin genuen performance hori; azken unean ezina etortzen bazitzaion, zegoen tokian eserita geratzeko aukera zuen. Ezjakintasun une horretan, aurrerapausoa eman eta hor etorri zen oholtzara. Aurtengo itzuleraren aurretik ikusita al zintuen oholtzan lehenago? Hori da itzulera honek ekarri duen beste kontu bat. Beti musikaz eta bizipenez hizketan, eta bera beti kontzertu baten eskean izaten nuen. Hatortxu Rocken han izan ziren lehen lerroan. Edizio fisikoa ere kaleratu duzue. Oker ez banaiz, lehenengo biniloa duzue hau. Lehenengo aldia da, bai, eta guretzat zerbait berria izan den aldetik, ikasi ere egin dugu. Alde bakoitzak 23 minutu baino gutxiago eduki behar dituela ez genekien, garai batean kasetean egiten zen bezala. Hortaz, handicap txiki bat izan da sortzeko garaian. Baina oso pozik gaude, azala eta letrak handian edukitzea dotorea delako. Bira hasierako sarrerak ere ia agortuta daude. Euskal Herrian zerbait geratzen da martxoaren 7an, Biarritzen, Atabalen, emango dugunerako. Beraz, bizi ibili! ITZULERA «Musikara itzultzeko ideia etorri zenean argi neukan zerbait berria egiteko izango zela» SARE SOZIALAK «Hori izan da guretzat aldaketa handienetakoa. Ideiarik ere ez geneukan sareen inguruan eta denek ere horien garrantziaz hitz egin digute»