05 DIC. 2025 SURFA Punta Galea Challenge bueltan da, olatu handiak lehertzen diren gotorlekuan Asteburu honetan, kasik hiru urteko etenaren ondoren, olatu handien txapelketa itzuliko da Punta Galeara, «Red Electrica Punta Galea Big Wave» izenarekin. Lehen aldiz, gainera, emakumeak lehiatuko dira eta Nadia Erostarbe egongo da tartean. Galeako puntako olatu ikusgarrietan surfean, 2022ko edizioan, orain arteko azkenengoan. (Aritz LOIOLA | FOKU) GARA GETXO Itsasaldiaren hotsa, haize gazia masailen kontra eta olatuak labarren oinetan apurtzen diren une horiek inoiz ez dira desagertu Galeako puntatik. Baina bi urteko etenak zulo sakona utzi zuen komunitatean. Punta Galea Challengeren etorkizuna ez zegoen ziurtatuta, eta Europako olatu handien txapelketa zaharrena mapatik erortzeko arriskuan zegoen. 2022an zuzendaritza historikoak erretiroa hartu zuenetik, inork ez zuen ardura bere gain hartzen, eta jarduerarik gabeko hirugarren urtea igaro zenean ziurgabetasuna nagusitu zen. Horren erdian azaldu zen Adrian Fernandez de Valderram surflari eta Peña Txuri Surf Eskolako entrenatzailea. «Ondare bat da hau. Niri 17 urterekin eman zidaten aukera ez dut nahi ondorengo belaunaldiek gal dezaten», azaldu dio GARAri. Aritza Saratxaga entrenatzailearekin eseri zen -gero Naroa Saratxaga ere batu zen-, eta hortik abiatu zen bide orria: erakunde publikoekin kontrastea (Getxoko Udala eta Getxo Kirolak), segurtasun arduradunekin lehen balorazioak eta finantzaketa bideratzeko aukeren bila hastea -azkenean, Red Electrica da babesle nagusia eta naming-ean ere eragin dio-. Udazkeneko lehen haizeak iristean, antolaketa lanak pilatzen hasi ziren. Orduan ohartu ziren egitasmoaren benetako neurriez. «Surflari perspektibatik oso erraza zen dena. Kanpoaldetik kritika asko egiten ditugu, baina antolatzen hasten zarenean ohartzen zara zenbat pieza dauden mugitu beharrekoak», esan du bizkaitarrak. Aurreko zuzendaritza-taldearen babesa erabakigarria izan dela azpimarratu du: «Ateak ireki dizkigute, dokumentazioa, kontaktuak eta urteetako esperientzia partekatu dute. Haiek gabe ezinezkoa izango zen». ITSASOAREN AGINDUETARA Itsasoa eta haizea nahiko kapritxosoak dira. Horiek markatzen dute erritmoa eta, beraz, bihar bertan jokatuko da txapelketa. Dena azken egunetan findu dute. Azken astea intentsoa izan dela esan du, une oro haize eta olatuen iragarpenei erne. Oso aldakor ibili da, baina azkenean argi berdea dauka txapelketak. Bospasei metroko olatu sendoak espero dira, hego-mendebaldeko haize ukituarekin. Itzulera honetan bada dimentsio sozial bat ere: Euskal Herriko olatu handien eszenak azken urteetan izan duen hazkundea. 2014an Munduko Txapelketako zirkuituan sartu zen Punta Galea -Europan bakarra- eta horrek surflari entzutetsuenak erakarri zituen, gazteen artean ere sekulako grina piztuta. Fernandez de Valderramaren ustetan, horrek harrobia indartu zuen. «Orain Meñakotz edo Galean egun on batean 15-18 urte bitarteko hogei bat surflari uretaratzen dira». Egitasmoaren jarraipena, beraz, identitate eta transmisio kontu bat ere bada. Hari horri tiraka, beste ohitura bat ere berreskuratuko dute edizio honetan: surflariak jende artetik igarotzea. Finalistek egingo dute. «Surflari eta zaleen artean sekulako konexioa sortzen da. 2017ko txapelketa daukat gogoan; orduan bigarren bukatu nuen, eta guztiok uretatik atera ginen. Hona gora -Punta Galeako zabalgunera- iritsi ginenerako ordubete pasa zen eta, ordurako, senitarteko zein lagunak bakarrik geratzen ziren. Hastapenetako giroa berreskuratu nahi dugu». Gizonezkoetan, 30 surflari lehiatuko dira. Euskal Herriak ordezkaritza zabala izango du eta Grant Twiggy Baker, Alex Botelho eta Nic Lamb dira nazioarteko esanguratsuenak. EMAKUMEAK, LEHEN ALDIZ Aurtengo aldaketa garrantzitsuena emakumeen txapelketa propioa izango da. Munduan oraindik ez da emakume asko aritzen olatu handietan, baina Punta Galeak pauso sendoa eman du. Kategoria bereizia izango da eta finala baldintza onenetan jokatuko da. «Sari bera (30.000 euro lehen hiru sailkatuen artean), baldintza berak eta ikusgarritasun bera. Ez dugu bestelako planteamendurik aintzat hartu», azaldu du. Deialdiak erantzun aparta izan du, eta parte-hartzaileen artean nazioarteko lehen mailako izenak egon daitezkeela baieztatu du: «Nadia Erostarbe izango da Euskal Herriko ordezkaria eta Justine Dupont txapelduna ere etorriko da». Galeako puntak ez du Nazareren edo Jaws-en (Pe’ahi) dimentsio mediatikorik, baina badu bere estimu propioa: munduko surflari garrantzitsu batzuk urtero-urtero itzultzen dira, lekuarekiko eta komunitatearekiko lotura sendoa dutelako. Itsasoaren bulkada gordinak, labarrek eta harkaitzek sortzen duten eszenatokiak izaera berezia ematen diote: arriskua eta lilura elkarren ondoan. iragarpenak Bospasei metroko olatu «sendoak» iragarri dituzte biharko, hego-mendebaldeko haize suabearekin. Kanpoan ere giro atsegina izango da, 18 gradu. Goizez jokatuko da txapelketa, 8.30etik 16.30era bitartean.