08 DIC. 2025 Espoliazioa Jon GARMENDIA Idazlea Souleymane Bachir Diagne filosofoa ari zen hizketan Radio Francen, Parisko Louvre museoan, bost kontinenteen galeriak elkarrekiko perspektiban jarri behar zirela erranaz, unibertsaltasunaren kontzeptua berriz aztertzeko gonbita luzatuz, bere sustrai inperialistak gainditzeko. Denbora luzez, Europatik kanpoko sorkuntza artistikoak jakin-min objektu gisa hartu izan direlako. Etnografia museotan erakutsi ziren XIX. mendetik aitzina eta espazio horietara mugatzeagatik artelan estatusa ukatu zitzaien. Harrapaketa ekonomiaren logikarekin ere gurutzatu zen sorkuntza horien ibilbidea, testuinguru kolonialean eskuratutako artefaktuz osatuak daudelako, lapurreta edo espoliazio bidez. Museoen bokazio unibertsalista inperialismoaren eta dominazio kulturalaren sinonimoa balitz bezala. Unescoren zuzendari ohi Amadou Mahtar M’bow senegaldarrak erran omen zuen jatorrizko lurraldetik indarkeria kolonialaren bidez erauzitako lanek mailegu lurretan sustraiak bota dituztela, eta Bachir Diagnek objektu horiek erbesteratu izan diren tokietan beste existentzia bat garatu dutela azpimarratu zuen, nomada bilakatu direla ulertzeko; lotura sortzea baita haien bokazioa. Gainera, jatorrizko lurraldean zein hartu izan diren lurraldeetan bizi direla. Ia konbentzitua nengoen Etxepareren liburua Parisen dagoela ohartu nintzen arte, eta Picassoren “Gernika” Madrilen, Zuloagaren “Bergarako besarkada” dagoen bezala edo euskal foruen dokumentuak Bibliothèque Nationale de Francen. Eta hortik zehar askoz gehiago izango direla pentsatuta gaiak buelta batzuk ematea merezi duela ondorioztatu nuen.