13 DIC. 2025 Naziometroa: «Eskumen gehiagoren aldeko hautua nagusi da Nafarroan» Bost urtean neurketak egiten aritu ostean, euskal burujabetzaren gaineko iritziak zer bilakaera izan duen aztertu dute Naziometroaren sustatzaile Telesforo Monzon eLab-ek eta Parte Hartuz-ek. Nafarroari begiratuta, bertako herritarren artean babes zabala du eskumen gehiago eta erabakitzeko eskubidea izateko nahiak. Azken Naziometroaren emaitzak maiatzean aurkeztu zituzten. (Oskar MATXIN | FOKU) Ibai AZPARREN IRUÑEA 2020an abiatu zenetik, Naziometroaren zazpi neurketa egin dira Euskal Herrian. Atzo horien gaineko txostena aurkeztu zuten Iruñean Telesforo Monzon eLAB-eko proiektuen koordinatzaile Elorri Arcochak eta Aztikerreko Ikerketa Saileko zuzendari tekniko Enara Eizagirrek. Bost urteotan bildutako datuen bidez euskal burujabetzaren gaineko iritziak Nafarroa Garaiko herritarren artean zer bilakaera izan duen aztertu eta Euskal Herri osokoarekin parekatzen du txostenak. Inkesta aldi bakoitzean, online eta telefono bidezko erantzunak batuta, 1.200-1.600 herritarren lagina jaso dute, eta testuinguruaren araberako gai desberdinen inguruan galdetu diete. Beraz, bost urteren ondoren, estatistika soiletik harago doa aurkeztutako dokumentua, «Nafarroa Garaiko gizarte-dinamikak eta burujabetzaren inguruko gogoeta politikoa modu zabalago eta sakonagoan kokatzeko oinarri kualitatibo eta kolektibo bat ere eskaintzen duelako». Laburbilduz, txostenak hiru ideia nagusi identifikatzen ditu Nafarroan 2020-2025 aldian: eskumen gehiago izateko nahia handia da, eta Estatu zentralizatuaren aldeko jarrera, aldiz, «oso minoritarioa»; lurraldeen arteko harremanei begiratuta, norberaren autonomiari eusteko nahia antzeman dute; azkenik, euskal estatuarekiko eszeptizismo nabarmena jaso dute, bai termino politikoetan, bai praktikoetan; erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera, aldiz, sendo mantentzen da. ESKUMEN GEHIAGO Lurralde-antolaketa instituzionalari dagokionez, txostenak dio Nafarroan zein Euskal Herri osoan eskumen gehiago dituen eredua dela aukera gogokoena. Aukera hori eta erabakitzeko eskubidea aitortzen duen eredua antzeko mailan ibili dira urteotan: %25-30 inguruan lehena eta %20-30 artean bigarrena. Autonomia gehiago proposatzen duten aukerak, beraz, argi eta garbi gainditzen dituzte egungo eredua edo eredu zentralizatuagoa defendatzen dutenak. Politika zehatzak aztertzean, egoera normalizatu batean Nafarroa Garaiko herritarren %53,1ek uste dute hurbileko administrazio batek Estatuak baino zerbitzu hobea emango lukeela, eta %25,1ek berdina izango litzatekeela dio. Zerbitzu okerragoa izango litzatekeela uste dutenak %10,1 dira. Horrek erakusten du, txostenak dioenez, «tokiko kudeaketarekiko konfiantza nahiko handia dela Nafarroa Garaian, Euskal Herri mailan baino altuagoa». Migrazioari dagokionez, Nafarroa Garaian Euskal Herri osoko joera berbera atzeman da: eskumenak hurbileko erakundeek edukitzea nahi dute gehienek (%44), Euskal Herri osoan bezala (%46,6). Alde handiena estatuari emandako pisuan dago: Nafarroan %42,5ek babesten dute aukera hori; Euskal Herri osoan, ostera, %30,4 dira. Pandemia baten testuinguruan, Gobernu espainolari pisu handiagoa ematen diote (%36,5), baina bereziki Europar Batasunari (%34,3). Hurbileko administrazioari lehentasuna ematen diotenak, aldiz, %17,8 dira, eta Euskal Herri osoan, %29,7. LURRALDE ARTEKO HARREMANEI buruz galdetzean, Nafarroa Garaian «bakoitzak bere aldetik jarraitzearen» aldeko jarrera (%49,3) handiagoa da Euskal Herri osoan baino (%29,8), baina %31,4 harremanak indartzearen alde agertu dira. Zehaztuta erkidego bakoitzak bere erkidegoan jarraituta harreman gehiago izatearen alde ala kontra dauden, aldekotasunak nabarmen gora egiten du: «2020 eta 2021eko seriean Euskal Herri osoan aldekoak %77-79 dira eta Nafarroa Garaian, %67-76 artean». Eremu zehatzetan, hala nola osasungintzan, sistemen integraziori buruz galdetzean, bai Euskal Herrian, bai Nafarroa Garaian integrazio handiagoaren aldeko hautua nagusitzen da. Hezkuntzan ere jarrera integratzaileak erakusten ditu Nafarroa Garaiak: herritarren %42,7 «oso ados» edo «ados» daude hezkuntza erakunde bateratu baten ideiarekin (%56,3 Euskal Herri osoan); kontrako iritziak, berriz, %25,4 dira. Gainera, %44,9 curriculum-eduki batzuk bateratzearen alde daude, eta %62,9 dira Euskal Herri osoan. ERABAKITZEKO ESKUBIDEA Nafarroak bere etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea izan behar ote duen galdetuta, oro har, «aldekotasuna nagusi» dela dio txostenak. Zehazki, baiezkoa %62-73 artean dago, Euskal Herri osoaren antzeko tartean. Erreferendum baten legezko aukera aztertzean, serie osoan aldekotasuna %50-60 artean ibili da Nafarroan, Euskal Herri mailan baino pixka bat beherago. Kontrakotasunak Nafarroan beheranzko joera erakutsi du: %31tik %14ra. Euskal estatuari dagokionez, txostenak adierazten du horrekiko eszeptizismo maila handia dagoela Nafarroa Garaian. Independentziaren babes mailak egonkor jarraitzen du %14 eta %20 artean, eta kontrako jarrerak, berriz, %46 eta %65 artean egon ohi dira, tarteko erantzunen ehuneko handi batekin. Balizko euskal estatu batean bizi-kalitateak okerrera egingo lukeela uste dute inkestatutakoen %44,7k(%31,5, Euskal Herri osoan); %16,7k, berriz, hobera egingo lukeela uste dute (%30,4k Euskal Herri osoan), eta bideragarritasun ekonomikoari buruzko zalantzak ere nagusi dira. Hala ere, barometroak egiaztatu du euskal estatuaren aldeko eta kontrako posizioen arteko aldea murriztu egin dela. IPAR EUSKAL HERRIA Ostegunean, Baionan, Ipar Euskal Herriko bilakaeraren analisia egin zuten Naziometroaren bultzatzaileek, eta “Kazeta”-k aurkezpenaren berri eman zuen. Bertan, azpimarratu zuten Ipar Euskal Herrian lurralde-kontzientzia bereziki sendoa dela. Izan ere, inkestatuen %68k Euskal Herria zazpi lurraldeek osatzen dutela diote. Ildo horretan, erabakitzeko eskubideari babes iraunkorra ematen diote herritarrek. Independentziaren inguruko jarrera eszeptikoak nagusi diren arren, 2020-2025 aldian euskal estatuaren alde daudenak askotan kontrakoak baino gehiago izan dira. Gainera, txostenak nabarmentzen duenez, lurraldeen arteko harremanen inguruan galdetuta, Ipar Euskal Herrian harremanak sakontzearen aldeko jarrera handiagoa da Euskal Herri osoko datuekin alderatuta. ZAZPIAK BATEuskal Herri osoan, berau zazpi lurraldeek osatzen dutela uste duten herritarrak gehiengoa dira, %40,6; Nafarroa Garaian, berriz, %25,9 dira. SELEKZIOAEuskal selekzioaren inguruan, Euskal Herri osoan %63,5ek begi onez ikusiko lukete selekzioak nazioarteko futbol txapelketa ofizialak jokatu ahal izatea, baita Nafarroan ere (%46). Aurka %20,6 eta %34,6 daude, hurrenez hurren. EUSKAL ESTATUAErreferendum itundu eta erabat legezkoaren aurrean, Nafarroan euskal estatuaren aurkako jarrera da nagusi: 2025ean, %42,6 aurka agertzen da, eta %21,5, berriz, alde. Abstentzioa %14,8ra igo da. GALDERAKPandemia eta subiranotasunaren arteko harremanarekin hasi ondoren, hainbat gai jorratu ditu Naziometroak bost urte hauetan, hala nola Euskal Selekzioa, «Euskal Herria» terminoaren erabilera, klima larrialdia, hezkuntza, osasuna, pertenentzia eta, berriki, jarrera erreakzionarioak eta migrazioarekiko jarrera.