GARA Euskal Herriko egunkaria
KONTINENTAL ‘25

Europako kontraesanak agerian


Film honi buruzko kritika bat idazteak ezinbestean eskatzen du Radu Judek “Do Not Expect Too Much of the End of the World” eta “Bad Luck Banging or Loony Porn” lanetan landu zituen bilakaera estilistiko eta politikoak berrikustea. Lehenean, Judek muturreraino eramaten du hibridotasun formala -dokumentala, satira soziala eta artxiboko materiala- kapitalismo garaikidearen prekaritatearen egitura agerian uzteko; bigarrenean, berriz, sexu eskandalu baten abiapuntutik, moral publikoari, burokraziari eta botere politikoari buruzko kritika zorrotza eraikitzen du; “Kontinental ’25”-ek pelikula hauen bulkadak jasotzen ditu.

Orsolyaren istorioa kontatzen du: Cluj hiriko funtzionario bat da, eta eraikin bateko sotoan bizi den etxerik gabeko gizon bat etxetik botatzeko agindua jasotzen du. Gertaerak krisi moral sakona eragiten dio; eta horren bidez, erruduntasun sentimendua, erantzukizun pertsonalaren pisua eta gizartearen axolagabetasun gero eta nabarmenagoa aztertzen dira.

Hamar egun eskasetan eta iPhone batekin egin zen filma, eta zuzendariaren ausardia formal eta politikoa berresten du. Europa garaikidearen erretratu garratza eskaintzen du: higiezinen espekulazio kontrolik gabeak, eskuin muturraren gorakadak eta etika sozialaren hauskortasunak markaturiko mundu bat irudikatzen du.

Plano finkoen erabileran, elkarrizketa zorrotzetan eta absurdoaren eta tragikoaren arteko tonu bereizgarrian oinarrituta, Judek fikzioaren eta dokumentalaren arteko mugak etengabe gurutzatzen ditu, eta gaur egungo kontraesanen azterketa kritiko eta zorrotza proposatzen du.

Ez da ikusle guztientzako moduko filma izango agian, baina proposamen estilistiko eta narratibo desberdinak ikusteko prest daudenek gozatuko dute.