GARA Euskal Herriko egunkaria

Gabonen atarian, elkartasun aktibora batzeko deialdia

Ibon Meñika eta Eneko Gerrikabeitia Gernika-Palestina Herri Ekimeneko kideak. (M. RAMIREZ | FOKU)

Gabonen atarian garen honetan, Gernika-Palestina Herri Ekimenak elkartasun aktibora batzeko deia luzatu die Euskal Herriko eragile zein norbanakoei. Horretarako, besteak beste, zapi solidarioak erabiltzeko gonbita luzatu dute, aferari ikusgarritasuna ematen jarraitzeko, eta oraindik zapirik eskuratu ez duenari erosteko deia egin diote, laguntza ekonomikoa Palestinara heltzeko modua delako. Eneko Gerrikabeitia Gernika-Palestina Herri Ekimeneko kideak azaldu zuenez, su etena indarrean badago ere, azken astean aire erasoak, bonbardaketak eta tiroketak egon dira Gazan eta bortxazko desplazamenduak 793.700 baino gehiago dira ordutik.

Gainera, negua gogorra da Palestinan eta denboraleak 17 pertsona hil ditu jada. Egoera ekonomikoa ere latza da, langabezia tasa %80tik gorakoa baita eta, ondorioz, etxe gehienetan ez dute oinarrizko premiak asetzeko baliabiderik. Berez, etxerik ere ez daukate askok, kanpin dendetan bizi dira, nola edo hala, euriteetatik babesteko. Hain zuzen, Ibon Meñika Gernika-Palestinako kideak adierazi zuenez, 300.000 kanpin denda falta zaizkie.

Gerrikabeitiak azaldu zuen «premiazkoa» dela «elikadura eta nutrizio segurtasun mailak handitzea, eta bizirauteko larrialdi jarduerak nabarmen handitzea».

Bake plana abian egonda ere Gazan egoera latza dela azaldu zuen: «Ez dago Gazako zerrendaren blokeoa edo Unrwa-ri ezarritako murrizketak amaitzeko deirik, ez eta Palestinako biztanleriaren premiei erantzuteko plan humanitariorik ere; are gehiago, Israeli ez zaio eskatzen mugako pasabide guztiak laguntza humanitariorako irekitzea edo funtsezko zerbitzuak guztiz berrezartzea».

Meñikak azaldu zuen Palestinan egoera hori izanik, 200 bat direla Euskal Herrira etorri diren palestinar errefuxiatuak. Bereziki azken hilabeteetan iritsi dira eta aurreikusten dute aurrerantzean gehiago izango direla. Horregatik, adierazi du herri ekimenak zubi lana egiteko eta datozenekiko elkartasuna antolatzeko determinazioa duela eta hasi direla, dagoeneko, eragile desberdinekin batzen. «Nola daude? Zer behar dute? Zein berme dute bizitza proiektua aurrera ateratzeko?», planteatu zuen Meñikak. Erantzuna ematea herritarrei ez ezik agintariei ere badagokiela nabarmendu zuen.