20 DIC. 2025 Pantxoa eta Peiok bigarren “Azken dantza” bat eginen dute 2027ko urtarrilaren 9an Pantxoa eta Peioren “Azken dantza”-k izan duen arrakasta ikusita, bereziki belaunaldi gazteen artean, 2027ko urtarrilaren 10eko sarrera guztiak agortuta daudenez, bigarren data bat iragartzeko erabakia hartu du bikoteak: 2027ko urtarrilaren 9a. Sarrerak pantxoaetapeio.eus atarian jarriko dira salgai astelehen goizean, 10:00etan. Peio eta Pantxoa, 2006an «Lurra eta maitasuna» diskoa aurkezten. (Monika DEL VALLE | FOKU) GARA BILBO Aste honetan Pantxoa eta Peiok 2027ko urtarrilaren 10erako iragarri duten kontzerturako sarrerak ordu gutxitan amaitu dira. Eta bikoteak hunkituta adierazi du ez zutela halako harrerarik espero, eta «belaunaldi gazteen aldetik jaso duten errespetua eta maitasuna» azpimarratu du. Ongi aztertu ostean, Barakaldoko BECen eginen den “Azken dantza”-rako bigarren data bat iragartzeko erabakia hartu dute: 2027ko urtarrilaren 9a. Sarrerak pantxoaetapeio.eus atarian jarriko dira salgai astelehenean 10:00etan. «Negar egiteko gogoa ematen du. Zein ederra den jendearen maitasuna, eta guk bueltan itzultzea», azaldu zuen atzo Pantxoa Carrerek. Bikoteak emozio handiz hartu du iragarritako kontzertuak jasotako erantzuna. «Harrigarria» dela azpimarratu zuen Peio Ospitalek eta «bihotz-bihotzez eskerrak eman» nahi izan zizkien zale guztiei. Publikoak eman dien babesa ikusita, bikotea bigarren data bat aurkeztera ausartu da, azken kontzertu hauek ahal bezainbeste jenderekin partekatzeko ilusioz. Kontzertu hori 2027ko urtarrilaren 9an eginen da, Barakaldoko BECen. AMAIERA DUINA “Azken Dantza” izeneko emanaldiarekin amaiera duin eta partekatua eman nahi diote euskal kulturaren historian arrasto nabarmena utzi duen proiektuari. 1969an lehen kantuak argitaratu zituztenetik 2009ra arte, milaka kantaldi eta 18 argitalpen utzi dituzte, euskarazko kantagintzaren ondarean funtsezko lekua dutenak. 2011ko urte amaieran oholtzaratu ziren azkenengoz, eta etenaldi luze eta aurreikusi gabe baten ondoren, 2027an iritsiko zaie agur esateko unea. Peio eta Pantxoa 1960ko hamarraldiaren amaieran hasi ziren euskaraz kantatzen, euskal hizkuntzak eta kulturak mugaren bi aldeetan jasaten zuen errepresioaren ondorioz etengabe atzera egiten zuen bitartean. Haien kantagintza, hasieratik, borrokarako eta aldarrikapenerako tresna izan zen, euskararen, euskal kulturaren eta Euskal Herriaren aldeko ahotsa. Manex Pagola, Telesforo Monzon, Manex Erdozaintzi-Etxart, Xalbador, Jean Louis Davant, Roger Idiart, Xabier Lete eta beste hainbat idazleren testuak musikatu zituzten, eta kanta horietako asko belaunaldi askorentzat ereserki bilakatu dira. «Festa handi gisa» ikusten du kontzertua Carrerek. Aurkezpenean azaldu zuen beti ibili izan direla sindikatu, laborari eta abarren alboan, eta euskal kontzientzia eta bikotearen ibilbidea eskuz esku joan direla. Zaleei esker ona agertzeko ez ezik, «mundu honetatik joan direnengan» pentsatuz kantatzeko parada ere izango dela adierazi zuen. Eskertza kantuari berari egin zion Ospitalek, kantuz kantu josten joan baitira «maitasun istorioa». Hunkitua agertu zen bilobek ikusiko dutelako ere. BIHOTZ-BIHOTZEZ«Negar egiteko gogoa ematen du. Zein ederra den jendearen maitasuna, eta guk bueltan itzultzea», azaldu zuen Carrerek. «Harrigarria» dela azpimarratu zuen Ospitalek eta «bihotz-bihotzez eskerrak eman» nahi izan zizkien zale guztiei.