GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
PEIO ETA PANTXOA
Musikariak

«Maitasun istorio polit bat bizi izana eskertu nahi diogu jendeari»

Aitzindariak izan ziren Peio eta Pantxoa errepresio betean euskara oholtza gainera eramaten eta euren jardunari merezi duen tamainako agurra emateko igoko dira 2027ko urtarrilean BECeko oholtzara, zale eta bidaide dituztenekin “Azken dantza” partekatzera. 60 urtez bizitako «maitasun istorio polita» besarkatuko dute urtarrilaren 9an eta 10ean.

(Iker GOZATEGI)

 

Abenduaren 16an 30 urtez Bilboko euskal kulturaren aterpe izan den Kafe Antzokian aurkeztu zuten Pantxoa eta Peiok “Azken Dantza”. 2011. urtean igo zen azkenekoz bikotea oholtza gainera elkarrekin; ezusteko agurra izan zen ordukoa, eta orain, 2027ko urtarrilean, benetako agurra gauzatuko dute. Ostegunean jarri zituzten salgai urtarrilaren 10erako sarrerak. Ordu gutxitan saldu ondoren, bigarren data iragarri dute: urtarrilaren 9a. BEC bitan betetzeko erronkari heldu diote.

Ordu gutxitan amaitu zenituzten lehen datarako sarrerak. Pozik al zaudete jasotako harrerarekin?

PANTXOA CARRERE: Bai, oso-oso pozik. Harrituta eta hunkituta, hunkitua. Ez genuen holakorik espero nahiz eta gure managerrak esan aise beteko genuela eta bigarren bat ere beharbada itxiko genuela. Beraz, oso pozik.

PEIO OSPITAL: Oso emozionatuak gaude. Ez genuen hainbestekoa espero. Nik uste nuen eguberritarako edo salduko zirela baina oso azkar izan da. Horrek zerbait esan nahiko du. Agian jendea zerbaiten zain zegoela... Ematen du zer pentsatu.

Ostiral honetan iragarri duzue bigarrena. Txiki geratu zaizue BEC?

P.C.: Harritua nago, BEC ezagututa eta jakinda zenbat jende sartzen den hor. Jendeak aspaldi ez gaituela ikusi-eta aprobetxatu nahiko du eta azken datza hori ikusi.

1969an hasi zineten lehen kantuak argitaratzen, 2009ra arte, eta 2011n igo zineten oholtzara azkenekoz. Faltan sumatzen zenuten publikoaren berotasuna?

P.C.: Benetan, bai. Nik publikoa faltan atzematen dut beti. Eta horregatik atera nituen bakarkako bi disko eta ibili naiz lau musikarirekin kantatzen. Nik publikoa behar dut, nire bizitzaren parte bat da.

P.O.: Bikote ibilbidea utzi genuenean ez zen kontzienteki izan, gauzak adostu gabe egin genuen. Hain zuzen, abenduaren 18an, hamalau urte bete dira Itsasun, nire herrian, ikastolaren alde eman genuela azken kontzertua. Eta hortik aurrera bakoitzak egin du bere ibilbidea, bakoitza bere errepertorioarekin. Nik gauza pertsonalagoak edo intimoagoak kantatu nahi izan ditut eta hala moldatu naiz ni ere nire aldetik. Baina bai, nik uste jendeak nahi zuela bikotean itzultzea. Esker oneko kontzertua izango da niretzat nagusiki. Nik jendeari eskertu nahi diot hainbeste urtetan zehar maitasun istorio bat berarekin bizi izana. Hori da batez ere nire xedea edo ikusmoldea.

Eta zergatik orain «Azken Dantza» hau?

P.O.: Ez da azalpenik behar, orain zen garaia beharbada, ez dakit. Duplarekin Herri Urratsen izan ginen eta Pello Reparazekin Mitoaroan. Eta jendea gero eta gehiago hasi zen galdetzen ea noiz itzuliko ginen. Uste dut bultzada bat izan zirela agerpen horiek. Oraingo emanaldiekin gozatzeko nahia dut. Ia 60 urtez ibili gara eskuin eta ezker, Iparraldean herriz herri, Gipuzkoan, Bizkaian Nafarroan eta Araban (besteetan baino gutxiago baina baita ere). Jende eta militante ainitz gurutzatu ditugu. 60 urtez gurutzatu ditugun horiek denak omendu nahi ditut. Adibidez, gogoan izan nahi ditut Laborantza Ganbaran lan egiten duten nekazariak; eta goraipatu nahi dut Mixel Berhokoirigoin, gaixoa hila baita. Edo Enbatako sorrerako garaia. Nik horiek denak gogoan izan nahi ditut. Eta nola ez, bere bizia kartzelan pasa dutenak, gero heriotzaz pagatu dutenak ere. Horiekin bat egin eta herri honek ez duela etsitzen eta aitzina egingo duela erakutsi nahi dut. Gu gelditurik ere, gu hor izanen gara beti gazteen ondoan laguntzeko eta herri hau aurrera eramateko.

Errepresio frankistari aurre egiteko, kantua izan zen zuen arma. Zeren kontra egiten du orain borroka euskal kantuak?

P.C.: Gure errepertorioko hainbat kantu lotuta geratu dira. Urtez urte eta kantaldiz kantaldi historia bat joan da iruten eta horrek eztanda egin du. Kontzertu hauek iragan horri berrirakurketa ferekatzaile bat ematea bezala dira: hau bizi izan dugu urte haietan, goazen, bada, ospatzera elkarrekin eta, noski, gaiak eta arazoak berdintsu jarraitzen dute, euskararen egoera hemen Iparraldean, etxebizitzarena... Beharbada, gaurko kantariek beste molde batean ere tratatzen dituzte gai horiek, baina hor dago belaunaldien arteko denbora, eta horrek ere badu bere eragina.

Egia da laguntza handia jasotzen ari zaretela belaunaldi berrien partetik kontzertu hauetarako.

P.O.: Oso hunkigarria da. Dupla, Peio Reparaz... beste momentu batean Fermin Muguruzak ere adierazi zidan horrelako zerbait. Hunkigarria da belaunaldi berriek diguten errespetua eta atxikimendua. Egia da ordura arte erreprimitua zegoen hizkuntza batean oholtza batera igotzen lehenak gu izan ginela, eta hori pauso handia izan zen. Mixel Labegueriek ireki zuen bidea tematika eta estetika berria ekarriz, eta gu bide horretatik sartu ginen, Ez Dok Amairukoak eta besteak.

P.C.: Frankismo betean hasi ginen, baina orain ere mundu nahasi batean bizi gara. Eskuin muturra ari da azkartzen mundu guztian eta, beraz, badugu oraindik zer egiteko eta esateko. Gure garaian ez ziren aipatzen emakumeen eskubideen aldeko borrokak, gu ere inkontzienteki matxistak izango ginen, eta hori ere bada borroka bat egungoa, eta baita aldaketa klimatikoa ere. Hor bada gaztedi bat eta mugimendu bat kristoren lana egiten duena, eta hori eskertzekoa eta aipatzekoa da.

Zer moduz moldatzen ari zarete garai teknologiko hauetan kontzertu bat antolatzen?

P.O.: [Barreak] Olatu batek harrapatu eta eramaten zaitu eta ez duzu pentsatzeko denborarik izaten, eta orduan, eraman zaitzan utzi behar diozu.

Ikus-entzunezko pieza eder batekin iragarri zenuten «Azken dantza», lagun askoren ondoan: Olaia Inziarte, Martxelo Otamendi, Aiora Zulaika, Joxemari Agirretxe... Haiek ere izango dira «Azken dantza» horretan?

P.C.: Badakit etorriko direla, hori segur. Joseba Sarrionandiak ere etorri behar zuen baina gripearekin zegoen egun hartan. Eta etorriko dira beste asko ere, festa ederra izanen da. Baikorrak behar dugu izan, festa izango da.

Dantza egiteko tartea izango dela orduan, ezta?

P.O.: Orain hasiko gara prestakuntza lanetan, hau guztia jakinarazi eta gero. Urtebete daukagu aurretik eta denbora luzea da, baina hau guztia bideratzen eta gauzatzen hasiko gara dagoeneko.

P.C.: Laster pasako da denbora.