21 DIC. 2025 Entrevista Joxe Lapazaran Muxikako txakolingilea «Oso pozik gaude bezeroek eman diguten erantzunarekin» Bilboko San Tomas azokan txakolina da estimazio handiena izaten duen produktuetako bat. Iazko txapelketan irabazle berri bat izan genuen, oraindik hamar urte ez dituen Muxikako Lapazaran upategia. Joxe Lapazaran da proiektuaren sortzailea. Ondo asko daki lehiatzea zer den, txakolingile baino lehen herri kiroletan aritu baitzen eta 27 aldiz izan baitzen Euskal Herriko txapelduna. Aritz Loiola FOKU J.S. BILBO Lapazaran txakolinak lehen aldiz lortu zuen iaz San Tomas azokako garaikurra. Noiz eta nola sortu zen upategia? Lapazaran txakolindegia 2016an zabaldu genuen, XIX. mendeko Jauregikorta baserrian. Hala ere, nik hamar urte neramatzan lanean beste upategi batean eta, esan bezala, duela bederatzi urte neure proiektua martxan jartzea lortu nuen, Urdaibai eskualdean. Zenbat mahasti dituzue eta ze txakolin mota egiten duzue? Guztira 24 hektarea mahasti ditugu, horietatik hogei hondarribi zuri eta beltz barietateekin, eta beste lau hektarea rielsing barietatearekin, txakolinari biribiltasuna eta usain aldetik desberdintasuna ematen diona. Horiekin bost txakolin mota egiten ditugu: hiru zuri, gorria eta beltza. Zurien artean, urtekoa; bi urtez bodegan ondutako Lapazaran 27; eta barrikan hartzitutako berezia. Gorria Lapazaran Santamañe izenarekin merkaturatzen dugu eta beltza Lapazaran Pikaro izenarekin. Bi hauek hondarribi beltzarekin egiten ditugu, hori bai, gorria egiteko %25-30 zuriarekin ere nahasten dugu, eta beltza egiteko mahats azalekin denbora gehiago egoten da mazeratzen. Zein da zuen txakolindegiaren berezitasun nagusia? Gurea familia upategia da, eta eskualde honetako txakolingintzak betidanik izan duen tradizioari eusten diogu. Era berean, produkzio integratua egiten dugu, ingurumena zainduz. Horretarako, aurrerapen teknologikoak erabiltzen ditugu (droneak eta robotak) ahalik eta produktu fitosanitario gutxien erabiltzeko. Oso eraginkorrak dira eta behar den tokietan bakarrik botatzen ditugu fitosanitarioak, horien erabilpena %30-40 murriztuz. Hiru edo lau urte daramatzagu inbertsioak egiten, baina oso pozik gaude lortutako emaitzekin eta bezeroek eman diguten erantzunarekin. Zenbat urte daramatzazu Bilboko azokara joaten? Aurten hirugarrena izango da. Lehenbiziko urteetan ez ginen joaten. Hasiberriak ginen, eta lan handia genuen upategia eta mahastiak prestatzen. Baina orain joateko moduan gara. Bilbon iaz lortu zenuen lehenbiziko txapela, baina badituzu sari gehiago, ezta? Bai, 2017an Bizkaiko lehiaketa ofiziala irabazi genuen eta urte horretan bertan Bilboko Club Rotary ongintza erakundeak gure ardoa aukeratu zuen, 15 upategiren artean, bere bazkideen artean banatzeko. 2018an Urdaibaiko upategien artean egiten den lehiaketan ere txapela irabazi genuen, eta aurten Gernikako azokan ere lehen postua irabazi dugu txakolin beltzen atalean. Nolakoa da Bilboko azoka? Gernikarekin alderatuz gero, non saltzen duzue gehiago? Bilbokoan, zalantzarik gabe. Gernikan jendea ibiltzen da, baina Bilbokoan egun guztian saltzen dugu. Goizean azoka normala izaten da, normalean jende helduagoa etortzen da botila bat edo bi erostera, baina arratsaldean askoz gehiago saltzen dugu. Jende gaztea etortzen da, taloekin batera txakolina eskatzen dute, eta asko saltzen dugu iluntzeko zortziak edo bederatziak arte. 2024an irabazi ondoren, aurten gogotsuago joango zara Bilboko azokara… Bai, han izango gara. Gure ardo guztiak eramango ditugu eta ea zer gertatzen den. «Ez da kontuan hartzen -dio orain jarritako salaketak- Casilda Iturrizar parkea lorategi historikoa dela eta babestuta dagoela». Inguruko zuhaiztian eraikinar.