02 ENE. 2026 GUTUNAK Irudi bidezko lekukotza Josu JIMENEZ MAIA Idazlea Abenduko festa egunak baliaturik, Euskal Herritik hainbat lagun errefuxiatu sahararren kanpamentuetara joan eta itzuli dira jada. Handik ekarri dituzten argazkiak jakin-minez ikuskatzea dagokigu joan ez garenoi. Izan ere, irudiak, lekukotza emateaz gainera, hausnarketarako tresna ere badira. Smara-ko liburutegian egindako argazki bat daukat begi aurrean, melfa koloretsuz jantzitako emakumeak bertan agertzen direlarik: testigantza ederra da, emakume sahararren lekukotasun bizia. Basamortuko liburutegi −Bubisherren Habia− bakoitzean, hitzaldi bakoitzean, ikastaro bakoitzean jasotzen den irudi oro irmotasun eta duintasunaren froga dira. Gonbit egiten dizut, irakurle; Saharatik ekarritako irudietan begiak finkatu eta basamortuko isiltasuna adituko duzu. Argazki bakoitzak sahararren lekukotza bat ematen digu, baina baita ohartarazpen bat, aldarrikapen bat ere: «Hemen gaude oraino, Tindufeko errefuxiatu kanpamentuetan; inposatutako autonomia ez, baizik eta autodeterminazioa behar dugu». Abagune politiko erabakigarri honetan, zilegi bekit azpimarratzea sahararrak mende erdiz borrokan izan direla, badirela eta izanen direla, eta argazki ederren bitartez mintzo zaizkigula. Argazkiek gonbit egiten digute gogoeta eta hausnar egiteko sahararren nortasunaz eta egonarriaz, baina baita sahararren bidezko kausaren aldeko gure engaiamendua, gurasokeriarik gabeko gure konpromisoa, biderkatzeko ere. Tateh Lehbib lagun sahararrak dioen bezala, «aurrera, Sahara askearen alde».