GARA Euskal Herriko egunkaria
28 YEARS LATER: THE BONE TEMPLE

Denborak ez du infekzioa sendatu


Beldurrezko eta zonbien generoan mugarri izan den saga britainiarra da ‘‘28 ... Later’’ . Lehenengo filma 2002an estreinatu zen, “28 Days Later” izenburupean, eta Danny Boylek zuzendu zuen.

Lehenengo zatiaren arrakasta ikusita, 2007an sekuela bat estreinatu zen, “28 Weeks Later” izenekoa, eta iaz, 18 urte geroago, “28 Years Later” iritsi zen. Azken estreinalditik urtebete ere igaro egin ez denean, hona hemen saga honen atal berria: “28 Years Later: The Bone Temple”. Kasu honetan, Nia DaCosta arduratu da zuzendaritzaz, Alex Garlanden gidoiarekin.

Filmean, Kelson doktorea (Ralph Fiennes) mundua alda dezakeen harreman berri eta harrigarri batean murgilduko da; aldi berean, Spikek (Alfie Williams) Jimmy Crystalekin (Jack O’Connell) izango duen topaketa amesgaizto bilakatuko da. “The Bone Temple” munduan, kutsatuak dagoeneko ez dira biziraupenerako mehatxurik handiena: bizirik atera direnen gizagabetasuna are arrotzagoa eta beldurgarriagoa izan daiteke.

FILMAKETA LANAK ETA ESTREINALDI ESTRATEGIA

“28 Years Later” 2025eko ekainaren 20an estreinatu zen, eta 30 milioi dolar bildu zituen AEBko zinema-aretoetan, beste horrenbeste nazioartean ere, eta beldurrezko generoaren barruan urteko estreinaldirik arrakastatsuena bihurtu zen horrela. Azkenean, 151,3 milioi dolar bildu zituen mundu osoan; frankizia osoaren markarik onenak ezarri zituen horrela.

Sonyk 2022an trilogiaren eskubideak eskuratu zituenean, hirugarren filma segidan grabatzeko aukera izan zuen, baina nahiago izan zuen itxaron; estreinaldiaren ondoren argi berdea piztu, eta emaitzek zer zioten ikusi.

Horren ordez, lehen bi atalak jarraian filmatzea erabaki zuen; bigarrenaren filmaketa lehenengoa oraindik postprodukzio fasean zegoela abiatu zen, beste hainbat saga milioidunek erabilitako estrategiari jarraituz.