GARA Euskal Herriko egunkaria

Argudioak


Lehenik irakasle, gero mentore eta gaur egun lagun dudan historialari batek bere komunitate afektibo eta intelektualaren parte garenoi laguntza eskatu zigun duela pare bat hilabete, publiko orokorrarentzat idazten ari zen artikulu baterako. “Adimen artifizialaren erabilera humanitateetan” zuen artikuluak gai nagusi, eta aldeko zein kontrako argudioen bila zebilen laguna, testua idazten hasi aurretik kontuan hartzeko. Tamalez, amaitzeko neuzkan testu batzuen entrega-epea gertu zegoen eta ezin izan nion iradokizunik bidali, baina ordutik buruan bueltaka izan dut gaia. Idatzi zuen artikulua lagunak, baita argitaratu ere. Pentsalari fina da bera, testuak ondo erakusten duen bezala, eta ezin hobeto azaltzen du adimen artifizialaren kostua, ingurumenetik hasita, eta nortzuk kaltetuko dituen haren erabilerak gehien (spoilerra: gehienok dugu zerbait galtzeko). Arras zinikoa izan behar du batek, edo ekoizpen-prozesuan onuradun izango diren gutxi horietako bat izan, artikuluak adimen artifizialaren zabalpenari egiten dion kritikaren alderdietakoren batekin behintzat ados ez egoteko. Artikulua, ordea, ezagutzatik eta ezagutzaren alde idatzita dago. Hain justu, gaur egun gutxietsi egiten den jarrera batetik. Izan ere, iritzia eta ezagutza gauza bera balira bezala aurkezten dira garai hauetan.