19 ENE. 2026 JOPUNTUA Hiru ibai Eneko BARBERENA Idazlea Berunkara beste itsusiak omen dira Lea ibaiko, Londresko, arrainak. Arrantzaleek eurek ez dituzte maite eta harrapatu orduko uretaratzen dituzte. Hala dio Esther Kinsky idazle eta itzultzaile alemaniarrak bere “Am Fluß” −“Ibaia”− liburu zoragarrian. Ohi duen trebeziaz aldiriak, bakardadeak eta aurriak hizketan jartzeko kapaz da. Gustura gonbidatuko nuke idazlea Deba ibaiaren ibilgua egitera, ziur bainago gozatuko lukeela Elorregin −eliza, frontoia, bus geltokia, jeans oihal fabrika abandonatua− eta, nola ez, Soraluzen −ibaiertzeko tailerrei argazkiak ateratzen irudika dezaket−. Venezuela eta Kolonbia artean, Orinokoren emari naroan, igel berderen batek burua uretatik aterako balu, ikusiko lituzke hainbat gizon zuri gorbatadun ibaiertzean bere etxearen etorkizunaz eztabaidan. Batek kolore laranja du, besteak txistu eta danbolina, Texasko cowboy kapela hirugarrenak. Igelak ez daki baina aurten garizuma da inauteririk ospatu gabe, maskara denak erre baitituzte zintzotasun krudelaren sutan. Petrolioa nahi dute, bost axola demokrazia, utikan itxurakeriak. Igelarenak egin du eta, barren-barrenean badakienez, azken igerialdi bat egin besterik ez du nahi. Hirugarren ibaiari Urumea deritzo eta haren ertzean gaurko egunez egongo da, agian itzalpean, paparra puztuta ziur, angularik jango duenik. Animalia bitxia da aingira, itsasoan eta ibaian egoten baitaki. Urumean ez dakit, baina Orian aingirarik badago, jakin angula txikiak Sargazoen itsasotik datozela igeri gugana, 3.000 edo 4.000 kilometroko bidea eginda, arbasoak bizi ziren toki beren bila. Aurten debekatu dute aingira europarra arrantzatzea EAEn, ea lortzen den hauen populazio egoera kritikoa gelditzea. Bestela, platera fruitu debekatu garestiz betetzeko bezainbeste diru dutenek har dezatela beren gain azken aingirari bertso batzuk jartzeko gutxieneko ardura, Oriotarrek azken balearekin egin zuten bezala. Uste dut aberatsei haien ekintzengatiko -ekologiaren eta giza duintasunaren kontrako− erantzukizuna serioago eskatzen hasteko ordua dela. Platera fruitu debekatu garestiz betetzeko bezainbeste diru dutenek har dezatela beren gain azken aingirari bertso batzuk jartzeko gutxieneko ardura