GARA Euskal Herriko egunkaria

Wampumak (I)


Memoria-tresnak dira wampum-ak egun Ameriketako Estatu Batuek okupaturiko lurraldearen ipar-ekialdeko herri indigenentzat. Besteak beste, AEBko gobernuarekin sinatutako itunen nondik norakoak jasotzen dituzte txirla-oskol zuri eta moreekin egindako alez osatutako gerrikook. Indigenen ikuspuntutik, bakea eta adiskidetasuna helburu zuten itunak berdinen artean eta fede onez eginda zeuden. Hau da, herri indigenen subiranotasuna eztabaidaezina zen itunaren parte ziren taldeentzat. Beren herrien izenean AEBko ordezkariekin negoziatzen aritu ziren adindu haiek, ordea, arrazoi zuten kolono zuriekiko mesfidantza agertzean. 1820ko hamarkadarako haien gobernua herri indigenen lurrak ordainik gabe eskuratzeko pausoak ematen hasi zen eta indigenen hizkuntzak eta kulturak desagerrarazteko kanpainari ekin zion, hori guztia “zibilizazioaren” izenean. 1830eko hamarkadan AEBko Auzitegi Goreneko presidente John Marshallek hiru kasuren gainean emandako epaien ondorioz, herri indigenak nazio barruko agindupeko nazioak (domestic dependent nations) izatera igaro ziren, eta horrela jasota dago gaur egun AEBko konstituzioan. 1924an AEBko gobernuak estatubatuar hiritartasuna inposatu zien guztiei. Artxiboari begiratu bat emanez gero, ordea, ohartzen gara nazio subirano gisa sortu ziren unetik egin ziela traizio AEBk herri indigenei.