GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
AIORA ENPARANTZA
Aktorea eta itzultzailea

«Antzezlan honek bakoitzak barruan duen desobedientea ukitzen du»

Lehen emanaldien harrera beroaren ostean, Donostian eskaintzen ari da Tanttaka antzerki taldea «Desobedienteak 18/98» obra. Ostegunean hasi eta bihar arte egongo dira Antzoki Zaharrean. Etxean jokatzeak urduriago jarri du Aiora Enparantza (Donostia, 1995). Bere lehen bira da aktore profesional gisa, baita antzezlan baten testua itzultzen ere.

Aiora Enparantza. (Andoni CANALLEDA | FOKU)

 

Itzulpengintza ikasi eta urte batzuetara erabaki zuen bere pasioari toki egitea. Madrilera joan zen Aiora Enparantza, antzerki fisikoa ikastera. Tanttaka antzerki konpainiaren “Desobedienteak 18/98” obran protagonistaren papera du. Miren Arrietarekin partekatzen du rola (Enparantzak euskarazko emanaldietan eta Arrietak gaztelerazkoetan). Ainhoaren azalean jartzeak erronka asko jarri dizkio parean. Horrez gain, bere ardura izan da Maria Goiricelayaren testua euskarara ekartzea. Ikaspen asko ere bildu ditu.

Bihar arte Donostian izango zarete. Norberaren herrian antzezteak urduritu ala lasaitu egiten du aktorea?

Urduritu, egia esan. Halere, lagun batek esan zidan etxean, hasieran urduriago zauden arren, gero berotasun eta babes handiagoa nabaritzen duzula. Eta hori ere pasa da; beraz, dena ez da txarra izan. Arriagan ere oso harrera ona izan dugu. Jendeak espero baino gertuago sentitu du, ez 18/98 auziagatik soilik, baizik eta bakoitzak barruan duen desobediente hori ukitzen duelako.

1995ean jaio zinen; haurra zinen auzia hasi zenean. Nolako esperientzia da zure garai berekoak diren baina ezagutu ez zenituen gertakarion inguruko obra bat egitea?

Kontua da ni ari naizela antzezlana eta gaia aurkezten Ainhoaren bidez. Ainhoa nire pertsonaia da, eta nire adina du. Eta bere ikuspuntua guztiz berdina da. Nik ez nuen garai hura bizi izan, baina nire iritzia edo nire azterketaren ondorio propioak atera ditut. Orduan, bai, aztertu dut makrosumarioa eta batez ere obran aztertzen den Joxemi Zumalabe pieza, baina distantzia horretatik, ezta? Nik uste horrek lagundu didala gaia gaur egunera ekartzen. Orduan, bai, uler dezaket makrosumario hori, nahiz eta lehenengo pertsonan bizi ez izan, beste ikuspuntu batetik.

Publikoaren partetik, egia da belaunaldi zaharragoak gehiago inplikatzen direla 18/98 makrosumarioan, azken finean beraiek bizi izan zutelako eta segur aski gertuko jendea inplikatua egon zelako. Baina egia da publiko gazteagoarekin desberdina izan dela. Antzezlanak eta Ainhoak bere tesian defendatzen dutena da desobedientzia zibila tresna demokratiko bat dela eta borroka-praktika legitimoa dela estatu demokratiko batean. Eta hori da gehien azpimarratu dutena belaunaldi gazteagoek. Antzezlanak desobedientzia zibilari buruz hitz egiten du eta, beraz, antzezlanaren zati bat da 18/98 auzia. Baina hitz egiten dugu historian zehar izandako desobedientzia ekintza esanguratsuen inguruan ere. Mahatma Gandhi, Rosa Parks, Iranen bizikletan ibiltzera atera ziren emakumeak, intsumisoak... Gai asko jorratzen ditu. Paralelismo bat egiten da aldi berean tesi defentsaren eta 18/98an epaitua izatearen egoeren artean, eta hor dago lotura.

Norberaren herriaren historia hobeto ulertzen da kanpoko gertakarietan antzekotasunak topatzean?

Bai, uste dut zilegitasuna ematen diola. Ikustea desobedientzia ez dela soilik Euskal Herrian asmatu dugun tresna bat espainiar edo frantziar estatuaren kontra, baizik eta mundu osoan zehar demokrazia askotan erabiltzen den tresna politiko bat dela. Ez dakit nola esan, ez garela hain bereziak azken finean. Kepa Errastiren pertsonaiak azaltzen du une batean; desobedientzia zibila ez da tresna legitimo bat soilik, behar-beharrezkoa da estatu demokratiko batean demokrazia bera zaharkitu edo fosilizatu ez dadin.

Eta kanpoko erreferentziek aldi berean laguntzen dute gurea deskontestualizatzen. Ideia hori ere Keparen pertsonaiak ematen du obran. Jürgen Habermas aipatzen du eta eta esaten du ez duela uste Habermasek ezker abertzalearekin loturarik duenik. Inola ere ez, ezta? Orduan bai, laguntzen du. Euskal Herrian desobedientzia zibila bereziki lotu izan da eskubide politikoen aldarrikapenarekin: erabakitzeko eskubidearekin, hizkuntza eskubideekin eta baita presoen auziarekin ere. Baina testuinguru horretan desobedientzia ez da soilik protesta forma bat, baizik eta sistema demokratikoaren mugak agerian uzteko tresna; eta hori ez da Euskal Herrian bakarrik erabili den gauza bat izan.

Azken hilotako albisteek eta testuinguru politikoak eraginik izan dute obran?

Bai, eragin du, gaur egungo adibideak jartzen ditugulako hain zuzen ere. Pare bat aldiz aldatu behar izan dugu testua, agertzen ziren berrien arabera; adibidez, Aroztegiaren auziarekin eta Palestine Action-ekin. Adibide asko ematen ditugu obran eta egunero ateratzen dira berriak. Horiek txertatu behar izan ditugu, esaldi bat edo beste aldatuz. Horrez gain, gauzak gertatzen diren aldiro, Minnesotakoa adibidez, mundu guztiak bidaltzen du Whatsapp taldera eta egunero gabiltza gai horien inguruan.

Nolako pertsonaia da Ainhoa?

Ainhoak zientzia politikoak ikasi ditu, doktorego tesia aurkeztu berri du eta defentsa egitea tokatzen zaio. Bere tesiak egituratzen du obra guztia eta bere kontakizunetik ateratzen dira desobedientzia zibilaren une historiko esanguratsuenak, baita 18/98 auzia eta epaiketa ere. Berak du obraren oinarriaren eta diskurtsoaren ardura. Ainhoa ideiak oso argi dituen pertsona da, oso borrokalaria eta benetan sinisten duena gizartea hobetu daitekeela nahikoa protestatzen baduzu. Oso pertsona baikorra eta fede handikoa da. Ainhoa miresten dut zentzu horretan. Gustuko dut bere baikortasuna, bere indarra, eta ikasi dut horrelako pertsonak behar izaten direla munduan aurrera egiteko. Ni bezalako pertsona ezkorrekin ez goaz inora, ez genuke ezer egingo (barrez).

Nolakoa izan da pertsonaia Miren Arrietarekin batera eraikitzea?

Asko lagundu dit prozesu horrek. Nire lehen antzezlana da halako maila profesionalarekin, bira bat egiten Euskal Herriko antzoki askotan zehar eta halako karga duen pertsonaia batekin. Arriagako estreinaldia, elkarrizketak ematea... Miren Arrietak badaramatza urte batzuk mundu honetan eta berarekin pertsonaia partekatzeak pisua kendu dit eta lasaiago egon naiz. Ainhoaren pertsonaia eraikitzean, noski, bakoitzak bere berezitasunak ditu, aktore nahiko desberdinak gara eta pixka bat salbatu gaitu hizkuntzaren aitzakiak, nolabait esatearren. Berak gazteleraz egiten duenez eta nik euskaraz, konturatzen naiz batzuetan esaldi batzuk desberdin egiten ditugula. Baina ez dut uste horrek markatzen duenik pertsonaiaren izaera. Erritmoa mantentzen dugu, bietan berdina da, baina hitz batean edo bestean arnasten dugu; pausa edo helduleku horiekin bakoitzak erabaki desberdinak hartu ditu. Eta horrek ere lagundu dit, bera entzutean, testua beste era batera edo desberdin ulertzen eta gauza berriak probatzen. Elkar elikatzen aritu gara.

Ainhoaren testua barneratzeaz gain, obraren euskarazko itzulpena zuk egin duzu.

Ez da erraza izan; erronka handia izan da. Lehen aldia nuen antzerki itzulpena egiten eta oso-oso interesgarria eta aberasgarria izan da itzulpen hau egitea obran bertan aktorea izanda. Imajinatzen dut beste edozein itzultzaile bere etxean, ordenagailu aurrean, eta antzerki bat itzultzea egokitzen zaiola aktoreak ezagutu gabe, entseguak ikusi gabe, nola hitz egiten duten jakin gabe, zuzendariek zer nahi duten... Testuingurutik kanpo antzerki itzulpena egitea oso zaila iruditzen zait. Alde horretatik, erraztasun guztiak izan ditut. Nik banekien nola egin nahi zuten obra, aukera izan dut testua zuzendariekin komentatzeko, nolako erritmoa nahi zuten... Zailtasun eta erronkaren barruan, uste dut dena nire alde zegoela.

Entseguak egitea eta itzultzea zaila izan da uztartzen eta momentu batean denboran bereiztea erabaki nuen. Erotzen ari nintzen! Nik ez dakit nola biziraun dudan urte honetan (barrez). Uztailean gaztelaniaz egin genituen entseguak, ondoren itzultzeko tartea hartu nuen eta irailean euskarazko testuaren lehen irakurketa egin genuen. Gaztelaniatik abiatzea zaila izan da, gaztelaniak dituen ezaugarriengatik euskarara itzultzean erritmoa mantentzea erronka izan da. Gainera, testua oso teknikoa da, nahiko juridikoa baita. Ez da erraza izan teknizismo guztiak eta testuaren maila jasoa errespetatzea eta era berean ulergarria egitea. Maria Goiricelayaren testua asko errespetatzen da, bere lana da eta errespetu guztia zor zaio. Orduan, egiteko korapilatsua izan da, zalantzarik gabe.

Noiz erabaki zenuen itzulpengintzatik antzerkira salto egitea?

Batxilergoan irakasle batek zer ikasi nahi genuen galdetu zigunean nik esan nion aktore izan nahi nuela, baina hori ezinezkoa zenez itzulpengintza ikasiko nuela. Nik oso ziur nuen aktore izatetik ezin zela bizi. Egia da beti ibili izan naizela antzerkian, ikastolan, talde amateurretan eta antzerki eskoletan. Momentu batean castingak egiten hasi nintzen eta lan batzuk atera zitzaizkidan. Konturatu nintzen nirekin lanean ari zirenak aktoreak zirela eta kito. Orduan ikusi nuen ni ere saia nintekeela. Nire buruari esan nion probatzen ez banuen beti damutuko nintzela. Eta orain hemen nago.

Antzezle batentzat non da gogorragoa oihanaren legea, Madrilen edo Donostia bezalako hiri batean?

Zaila da erantzuten, baina oihana Madril da. Jende asko dago, aktore asko daude, eta denek nahi dute zure gauza bera: lan egin. Batzuetan oso zaila da Madrilgo zirkuituan sartzea; uste dut ez dela hain zaila hemengo zirkuituan sartu eta lan bategatik kobratzea. Madrilen aktoreek lor dezakete beren taldeekin obra bat antzeztea espazio batean, baina oso zaila da lan hori ordaindua izatea. Eta, gainera, askoz prekarizatuagoa dago hemen baino.

Iruditzen zait hemen mugimendua dagoela antzerki munduan; agian aukera gutxiago daude, baina aukera horiek hobeak dira. Eta Madrilen errazagoa da sartzea, baina horrek ez du esan nahi zure lana izango denik. Zuk antzerkia egin dezakezu, espazio aldetik adibidez, Donostian baino errazago. Donostian arazo handia dago artea egiteko espazioekin. Madrilen badaude tokiak, baina hemen hori egitea lortzen duzunerako, ez duzu hain baldintza txarretan egingo. Eta ez dira baldintza onak, e! Ez nabil hemengo sistema goraipatzen.