GARA Euskal Herriko egunkaria

Hiztegiak


Hiztegiak hitzen gordelekuak dira; gizakiaren irudimenaren seinale, ahots doinuak irudi bihurtzen diren lekua. Hiztegiak hitzen esanahiak bilatzeko tresnak direla uste ohi da, baina badira hori baino gehiago. Zabal itzazu istorioz betetako liburu bat izango balira bezala eta, orduan, mundu fantastiko bat zabalduko da zure begien aurrean. Arreta jartzen baduzu, begiak eta belarriak erne, sentituko dituzu hitz bakoitzak bere baitan gordetzen dituen istorioak, munduak, lurralde ezezagunak, bidaia harrigarriak. Hiztegia hizkuntzaren arragoa da. Zabal ezazu hiztegia nahieran, hitz zehatzik bilatu nahi gabe, eta irakurtzen hasi. Eman dezagun Azkueren hiztegia: korokatu, koromilo, koronbilo… Edo: buruzkaindika, bürüskal, buruzkan, buruzkinkeri… Imajinatu hitzen doinua eta asmatu esanahia, irudikatu abenturazko pertsonaia baten ahotan. Hizkuntzaren ederra deskubrituko duzu.

Baina har itzazu ere beste hizkuntzetako hiztegiak, ezagutzen ez dituzun hizkuntzenak. Konparazio batera, Ameriketako guarania: porandu, porangareko, mopini… Edo wuayuunaiki hizkuntzarenak: ekii, ekiipala, ekiraa, aise,… Gertuagoak hartu ere: Bein, beisammen, Beispil alemanak; edo fréxole, fungar, fuñería asturiarrak.

Kontalariontzat hitzak dira gure irudimenaren lan tresnak eta hiztegiak gure erreminta kutxak.