GARA Euskal Herriko egunkaria

8.643 lagunek eskatu zuten asiloa iaz Hego Euskal Herrian, CEARen arabera


2025ean 8.463 asilo eskaera izan ziren Hego Euskal Herrian; hala agertzen dute CEAR gobernuz kanpoko taldeak argitaraturiko datuek. Aurreko urtearekin alderatuta, kopurua jaitsi egin da, orduan 9.170 lagunek eskatu zuten eta.

CEARek dioenez, Bizkaia da berriz helmuga nagusia 5.034 asilo eskaerarekin, 2023ko 4.916ak gaindituta. Nafarroan, 1.441etik 1.415 eskaerara jaitsi da kopurua; Araban 1.483tik 1.264ra; eta Gipuzkoan nabarmen behera egin du, 1.330etik 705era.

Estatu espainoleko datuak kontuan hartuta, Hego Euskal Herria nazioarteko babes eskaera gehien jasotzen duen tokietako bat da, batik bat Bizkaia. Madril, Bartzelona, Santa Cruz Tenerifekoa eta Malaga dira eskaera gehien duten probintziak.

CEARek eskaeren gutxitze hori bi arrazoigatik gertatu dela dio: mugak kanpora atera izana eta atzerritarrei buruzko araudiaren azken erreforma.

ARTATUAK

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, CEARek 5.370 pertsona artatu zituen 2025ean, prozeduraren fase guztietan laguntza juridikoa, soziala, psikologikoa eta harrerakoa eskainiz. Horretan ere, asilo eskaera kopuruan bezala, beherakada izan da, eta Bizkaia izan zen esku-hartze gehien izan zituen herrialdea.

Hala, CEARek 3.088 pertsona artatu zituen Bilbon (1.770 gizon eta 1.318 emakume), 1.507 Donostian (1.047 gizon eta 460 emakume) eta 1.559 Gasteizen (973 gizon eta 586 emakume).