08 FEB. 2026 ZORROZTARRIA Doluminak mugikorretik Julen MURGOITIO Hau astea gero! Eta hemen nago teklatuaren aurrean, ezker-eskuin nondik hasiko zalantzan. Ondoan daukat lehengoan prentsatik hartutako ohar batzuk biltzen dituen paper birziklatu zatia, zutabe-argi! Badakizu, ekonomia zirkularra! Total, santuz santu ibili da astea, aste santua izan ez bada ere. Horra! Santa eskean ibili dira taldeka han-hemen koplatan, santua aintzatzeko aitzakian lurra makiladaka kolpatuz, nonbait lurrak geroan emaitzak eman ditzan eskean. Badakit usadio zaharrari jarraituz egiten dela, baina kolpeka eskean joatea ere... ez dakit, gaur planetan diplomaziak duen ospe txarra ikusita... Horra San Blas! Kordoiak nagusi azokan! Gazteren batzuk haserretu egingo ziren, usadioarena txarto irakurri zutela sinistuta, letra bakar bategatik izanda ere, eta plaza izkinako farmaziatik pasatu beharko zuten… Tira, fedea fede, baina kordoiak urte osoan katarro eta eztarriko minetatik babesten ei gaitu… Ama, ama, hau idatzi eta segituan eztulka hasi naiz! Ba azokan nengoela, erroskillen mahai ondoan jelkide bat eta sozialista bat ikusi nituen mokoka, eta kordoien mahai ondoan lagun bi mukika, biak kostipauak jota, itxura batean. Eta hemendik urrun, koltana. Ni ume nintzela Belgikarena zen Kongon da gertatua. Berriro ere, berriro han, herrialde ukatu hartan. Bizi-eskubideetan kritiko, mineral kritikoetan aberats bizia. Geologiak hantxe lurpean utzi zituenak kanpotarrek iparretako burtsetan balio bihurtuta, eskuak beti garbi… Burtsa ala hil! Lohitu bakarrak meategiko luiziek zulotik behera eramandako gorpuak, zero kilometrokoak. Litekeena da, burtsetatik, hildakoen senideei doluminak eman izana, mugikorretik… hiru eguneko dolua eta zulora berriro! Ez bedi iparra geldi! Hartzak gogoan!