08 FEB. 2026 «TORTURA FEMINISMOTIK ERREPARATU», EMAGINEN JARDUNALDIA «Erori ginen, altxatu gara, borrokan segitzen dugu» «Tortura feminismotik erreparatu» izenburua izan zuen atzo Emaginek Intxaurrondoko kultur etxean egin zuen jardunaldiak, feminismoan aurkitu dutelako emakume* torturatuek hautsi, erori eta altxatzeko ekite eta jarrera iraultzailea. Testigantza baliatu zuten boteretzeko tresna gisa, eta narratiba berriak sortu zituzten ahots propioz. Aniaiz Ariznabarreta, Ainara Gorostiaga, Kris Gete, Nekane Txapartegi eta Aiora Epelde. (Maialen ANDRES | FOKU) Maider IANTZI GOIENETXE Urteetan egindako lan eskergaren lorpen gisa baloratu zuten Euskal Herriko emakume* torturatuek Emaginek antolatuta atzo Intxaurrondoko kultur etxean egin zen “Tortura feminismotik erreparatu” jardunaldia. Solasaldi ugari egin zen eta horietako bat izan zen emakume* torturatuena. Esker ona, hunkidura, urduritasuna, lotsa eta beldurra eztarrian mintzatu ziren Aniaiz Ariznabarreta, Ainara Gorostiaga, Kris Gete, Nekane Txapartegi eta Aiora Epelde, eta gitarraz lagunduta poesia bidez testigantza eman zuen Miren Azkaraterekin ahots kolektibo bat osatu zuten. Ariznabarretak kontatu zuenez, atxilotu zutenean bazuen torturen berri, atxiloketari aurre egiteko baliabideen berri; torturen ondotik, ordea, hutsunea izan da nagusi. «Bide honetan betetzen ari gara isiltasun hori». «Erresilientziaren mandatuaren pisua» sentitu du. «Testuingurua aldatu da eta aurrera jo behar dugu. Erresilientzia marko bat da, prozesu bat, eta gorabeherak ditu». Torturaren Aurkako Taldeari (TAT) esker, espetxean zela hainbat gida iritsi zitzaizkion. «Torturaren erabileraren irakurketa politiko oso bat egiten zen. Hainbat elementu ulerterrazak ziren; adibidez, zarata metalikoek asaldatuko nindutela. Besteak, ordea, oso abstraktuak egiten zitzaizkidan: nortasunaren galera, erabakitzeko zailtasunak...». Berarentzat «bilaketa bat» izan da erreparazioa. Hainbat espaziotara jo du, eta bertze batzuk antolatu ditu lagunekin batera. Kartzelan kideekin bidea egin zuen eta Istanbuleko protokoloarekin kontzientzia hartu zuen. Ez ditu ahazteko bi urtez egindako talde terapiak ere. TRESNAK Ainara Gorostiagak aipamen berezia egin zien gazteei. Izan ere, mugimendu feministako gazte ugari batu zen belaunaldi ezberdinetako emakume* torturatuekin. «Tortura ezin da erreparatu arlo pertsonalean; minarekin bizitzeko tresnak bilatu behar ditugu. Tresna horiek alde onak eta txarrak dituzte. Hitz egitean urduri egoten gara, lo faltan, haserre, sentibera... hitz egiten ez badugu, isolamenduan sar gaitezke», agertu zuen. «Emakume militantea nintzen; euskal preso politikoen elkartasunean lan egiten nuen. Ezustean harrapatu gintuen sarekada batean atxilotu ninduten. Bederatzi egun eman nituen inkomunikatuta. Ateratzen zarenean ez zara pertsona bera; bizitza berreraiki behar duzu». PARTEKATUA Bakardadean eraman zuen prozesua Gorostiagak, harik eta espetxetik atera eta 16 urtera torturatuen sarean parte hartzen hasi zen arte. Garrantzitsua izan da berarentzat, babestuago eta zainduago dago eta mina baretu zaio. Hitz saio bakoitzean elkar babestu zuten kideek. Muxuak, laztanak, eskua... Horrela harilkatu ziren bizi historia gogor hauek. 1998ko maiatzaren 2tik 3rako ordu txikietan eraman zuen gatibu Guardia Zibilak Kris Gete, gurasoen etxetik, 27 urterekin. «Lau gizonekin kotxe batean, estu, tapatuta. Badaude egun haietako hainbat objektu, oroimen eta sentsazio oraindik barrenak mugitzen dizkidatenak. Berriro beldurra sentiarazten didate eta txikitu egiten naiz». Kartzelaldia, aldiz, zaintzarekin lotzen du, kideek emandako sostengu eta maitasuna berrosatzeko indarra izan baitzen behin eta berriz. 2005ean ama izan zen espetxean eta Zueran eman zuen haurdunaldi gehiena. Eskuburdinekin eramaten zuten ospitaleko errebisioetara, poliziaz inguratuta, eta erditu ere hala egin zen. 24 ordu baino lehen alta eskatu zuen semearengandik banandu nahi zutelako eta ezin zituelako bereganako eta haurrarenganako irainak gehiago jasan. «Zailak eta gogorrak bezain politak izan ziren elkarrekin eman genituen hiru urteak». 38 urterekin atera zen aske, baina beldur horiek guztiek preso atxikitzen dute oraindik. Gauza txiki ugaritan mugitzen zaizkio barrenak: «Zakar poltsen kolorea ezin da beltza izan, inauterietan ezin dut aurpegi estaliekin, gizonen arteko eztabaidetako jarrerek txikitu egiten naute...». Aitortza erabat beharrezkoa dela aldarrikatu zuen. «Bortizkeria bada. Erreparazioa, ordea, talderako bai, baina norberarentzat zaila da». ERANTZUN FEMINISTA Nekane Txapartegik bizitako errepresio guztietan continuum gisa ikusten du indarkeria matxista, baita erantzun feminista ere. «Kosta zaigu agendan jartzea emakumeen erasoak ez zirela albo kalteak, baizik eta eraso zuzenak, gu kolonizatzeko, konkistatzeko». «1998an Tres Cantos komisarian nire gorputza inpunitate osoz gudu-zelai bihurtu zuen Guardia Zibilak, militante eta emakume izateagatik». Orduan ez zegoen marko feministarik. «Erasotako gorputz hori zergatik eta nork torturatu zuen salatu eta ulertu beharra nuen. Baina eskatzen zitzaidana zen tortura metodoak deskribatzea eta biktima gisa gelditzea». Burua eta gorputza banatzea izan zuen defentsa, eta kideek salbatu zuten. «Haietako bat sentitu nintzen». Aske atera zenean prentsaurreko bat eman zuen. «Gorputza publiko egitea erabaki nuen, horrek dakarren guztiarekin: intimitatea galtzea. Komunikabideek sentsazionalismoz betetako lerroak idatzi zituzten eta horrek errudun sentiarazi ninduen. Batzuengandik errukia jaso nuen; besteengandik, ‘merezi zenuen’». TATen, oroitzen da ez zutela topatzen gertatu zitzaiena izendatzeko hitzik. «Desberdin» torturatu zituztela erraten zuten. «Gudariaren iruditeriak ez zuen laguntzen: gogorra izan beharra, aurrera jo beharra. Hautsi, erori eta altxatzeko ekite feminista eta jarrera iraultzailea hartu nituen. Asko ikasi dut nola babestu, non, zer kontatu». Hala esan zuen Txapartegik: «Torturatu gintuzten, ninduten. Erori nintzen, gara. Altxatu gara, hemen gaude eta borrokan jarraitzen dugu». ONGI AKONPAINATUA Aiora Epelde aitortza instituzionalak emandakoaz mintzatu zen. «Nahiko pribilegiatua naiz, ongi akonpainatua egin dudalako bidea». 2005ean Kriminologiaren Euskal Institutuaren azterketan parte hartzea prozesu intentsoa izan zen. «Saio kolektibo horiek ez ditut ahazteko, egiten ari ginenaren balio politiko eta humanoaz jabetu nintzen». «Herri honetako instituzio nagusiek sistematikoki torturatu dela aitortzeak arrazoia ematen digu; demokrazia eza onartzen du», erantsi zuen. Feminismoak erakutsi dio «emakume izendatua izanda ere, subjektu aldarrikatzen, ama eta alaba txarra izatea merezi duela eta iruditeria aldatu behar dela ikusten». Nafarroako Gobernuko komisioan ere entzuna eta jasoa sentitu zen. Aitortza kolektiboak eta pertsonalak, biek egin zioten on, eta eskertzearekin batera, gehiago eskatu zien, gela txiki batean onartutako hori jendartean azaltzea. «Hona heltzeko pareta batzuk bota behar izan ditugu, eta gehiago bota beharko ditugu», defendatu zuen. «Erasotako gorputz hori zergatik eta nork torturatu zuen salatu eta ulertu beharra nuen. Baina eskatzen zitzaidana zen tortura metodoak deskribatzea eta biktima gisa gelditzea»