10 FEB. 2026 Congelados de Navarran %36rainoko soldata igoera lortu du ELAk GARA IRUÑEA Lehen aldiz Nafarroako Erriberako elikagaien industria handienetako batean, Congelados de Navarra enpresan, hitzarmen propioa lortu du ELAk. Sindikatu honek atzo nabarmendu zuenez, akordio horren bidez «UGTk eta CCOOk Madrildik inposatzen dituzten lan baldintzak eta Estatuko lan hitzarmeneko tauletakoak baino soldata hobeak lortu dira». Gauzak horrela, ELAk jakinarazi zuen %21 eta %36 arteko igoerak lortu dituztela Congelados de Navarrak Arguedasen eta Fustiñanan dituen lantegietan. Orotara, 800 langiletik gora aritzen dira horietan. Arguedaseko lantegian zortzi ordezkari ditu ELAk eta bost UGTk; Fustiñakoan, aldiz, ELAk hamar ordezkari ditu, UGTk, hiru, eta lau independente daude. Viviana Vanessa Rodriguez eta Maricela Suarez ELAko ordezkariek azaldu zutenez, «hobekuntza nagusia da kategoriarik apalenetan soldata tauletan izango den igoera, orain arte Madrildik ezartzen baitzituzten UGTk eta CCOOk». Igoera %21ekoa izango da laguntzaileentzat, %28koa espezialistentzat, %30ekoa 2. mailako ofizialentzat eta %36koa beste kategoria batzuetako langileentzat. Ordainsariak KPItik gora handituko dira; gaueko eta aparteko orduen prezioa handitu egingo da; eta tenperatura baxuak pairatzen diren postu batzuetan plusak ordainduko dira.