GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Borraska gora, borraska behera


Denen ahotan dabilen gaia da. Borraska bat, eta beste bat, eta beste bat. Ez dute arrazoi faltarik. Aurtengo negua benetan berezi doa. Urtarril hasieran elurrak bisitatxo bat egin zigun, baina orduz geroztik borraskek hartu dute Ozeano Atlantikoaren nagusitza eta hortik etorri zaizkigu hego haize txoro hauek. Halakoetan, eta bereziki klima aldaketaren testuinguruan, askori burura etortzen zaigun galdera da hau: ohikoa al da hainbeste borraska bata bestearen atzetik sartzea hainbeste denboran? Bada, ez, ez da ohikoena. Egoera hauek gehienbat udazkenean gertatzen dira. Aire hotzak pixkanaka goi geruzetan lekua egin eta gero, borraska sakonagoak sortzen hasten dira itsasoan eta antizikloia hegora joatera behartzen dute, guri hego-mendebaldeko joerak ekartzeraino, neguan tokiko antizikloiek indarra irabazi eta bestelako zirkulazioa egokitzen den arte.

Kasu honetan, neguan ez da hori gertatzen ari. Groenlandian sortu ohi den antizikloia uste baino ekialderago kokatu da eta, siberiarrarekin topatzean, hesi moduko bat sortu dute, eta borraskak hegoalderago joatera behartu. Hortik etorri dira Andaluziako euriteak.

Epe motz eta ertainera begira ez da garbi ikusten joera hori moztu daitekeenik. Litekeena da datorren aste erditik aurrera joera aldatzea, baina goiz da hori jakiteko.