GARA Euskal Herriko egunkaria

ELAk egoitzetako hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko eskatu du

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako grebak 100 egun baino gehiago egin ditu eta zortzi zentrotara hedatu da, eta sektore osoan ziurgabetasuna areagotu du. ELAk Foru Aldundiaren inplikazioa eskatu du negoziazioa desblokeatzeko; LABek, berriz, benetako negoziazioa eta zerbitzuen publifikazioa aldarrikatu ditu, hitzarmen duin baten alde.

Greban dauden zaharren egoitzetako eta eguneko zentroetako langileak Donostiako Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan. (Maialen ANDRES | FOKU)

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako hitzarmenaren negoziazioak blokeatuta jarraitzen du, eta greba mugagabeak 100 egunetik gora bete ditu dagoeneko. Zortzi dira mobilizatutako zentroak. Lan gatazkak sektore osoari eragiten dio, eta sindikatuek salatu dute egoerak ez duela konponbiderik izango, baldin eta erakunde publikoek ardura zuzena hartzen ez badute.

ELAk Foru Aldundiaren «inplikazio zuzena» eskatu zuen atzo, egoera desblokeatzeko eta hiruko bilera bat sustatzeko, patronalak eta sindikatuak mahai berean eserarazita. Sindikatuaren iritziz, ezinbestekoa da erakunde publikoak negoziazioan parte hartzea, Aldundiak ezartzen baititu finantzaketa, ratioak eta zerbitzuaren baldintza nagusiak. Hori dela eta, EH Bilduri eta Podemosi ekimen politikoa sustatzeko eskatu die, Foru Gobernua mahaira eramango duen bilera lortzeko. Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan egindako bileran EH Bilduko eta Podemoseko ordezkariek eta negoziazio mahaian dauden gainerako sindikatuek parte hartu zutela azaldu zuen sindikatuak.

ELAk salatu zuen negoziazioan «ez dagoela aurrerapausorik eta patronalek ez dutela edukizko proposamenik aurkezten». Gainera, enpresek «bitartekari huts» gisa jokatzen dutela nabarmendu zuen, Aldundiak arautzen duen sektore batean. Sindikatuaren ustez, «erakunde publikoak baldintzak ezartzen dituen arren, ez dio mugarik jartzen lan prekarizazioari», eta horrek zuzenean eragiten die langileen lan eta bizi baldintzei.

Lan baldintzen okertzea nabarmendu zuen ELAk: langileen ia erdiek borondatezkoak ez diren lanaldi partzialak dituzte, eta urtean 10.000 eurotik gorakoa da soldata arrakala. Testuinguru horretan, Foru Gobernuaren inplikazio zuzena «premiazkoa» dela azpimarratu zuen, negoziazioan gehiengo sindikalaren borondatea errespetatu eta kontratazio ratioak, lan baldintzak eta genero arrakala bezalako funtsezko gaiak jorratzeko.

LAB: «BENETAKO NEGOZIAZIOA»

LABek ere sektorean dagoen egoera salatu zuen astelehen honetan eta «benetako negoziazioa» eskatu zuen, hitzarmenak sektoreak behar dituen lan baldintzak arautu eta gaur egungo arazoei irtenbidea emateko. Sindikatuak jakinarazi zuen asanbladak eta mobilizazioak egiten ari direla zentro ugaritan, besteak beste, Matia fundazioan, Zorroaga fundazioan eta Sanitas Miramonen, baita lurraldeko beste egoitza batzuetan ere.

LABen arabera, hitzarmenaren blokeoak ondorio zuzenak ditu eguneroko lanean: ratioekin lotutako lan karga handiak, aldi baterako ezintasunekin lotutako murrizketak, absentismoaren aitzakia erabiliz eskubideak murrizteko saiakerak eta KPI bermatzen ez duten soldata igoerak. Horrez gain, bestelako arazo larriak ere badaudela ohartarazi zuen, eta sektorearen egiturazko eraldaketa beharrezkotzat jo zuen. Sindikatuaren iritziz, irtenbide bakarra zerbitzuen publifikazioa da, zaintza ezinbesteko zerbitzua delako eta «negozio izateari utzi» behar diolako. Kudeaketa publikoa lehenestea proposatu zuen, administrazioak bere gain har dezan erantzukizun osoa. Halaber, gainerako sindikatuei ekintza batasunerako deia egin zien, eta egoiliarrei helarazi zien lan baldintzak hobetzea ezinbestekoa dela arreta duina bermatzeko.

LABek, azkenik, Aldundiari eta patronalei dei egin zien benetako negoziazioari ekiteko, ratioak aldatzeko eta sektorearen etorkizunari buruzko eztabaida sakona abiatzeko. Bien bitartean, mobilizazioek jarraipena izango dutela iragarri zuten sindikatuek, hitzarmen berria adostu arte.