25 FEB. 2026 Komisaria bat Hitler jaio zen etxean Adolf Hitlerren jaiotetxea polizia etxe bihurtzeak eztabaida piztu du Austriako Braunau am Inn herrian, Alemaniako mugatik gertu. Braunau am Inn herriko erdigunean dago Hitlerren sortetxea. (Joe KLAMAR | AFP) Julia ZAPPEI «Aho biko ezpata da», dio Sibylle Treiblmaierrek Adolf Hitlerren sortetxearen aurretik pasatzean, Austriako Braunau am Inn herrian, Alemaniako mugatik gertu. 53 urteko bulegoko laguntzaile honen ustez, komisaria bihurtu beharrean, «erabilera hobea eman zekiokeen». Gobernuak toki hori «neutralizatu» nahi du, eskuin muturraren erromesaldi leku bihur ez dadin, eta 2016an lege bat onartu zuen eraikin abandonatuaren kontrola hartzeko, esku pribatuetan baitzegoen. Hitler 1889ko apirilaren 20an jaio zen eta bere bizitzako lehen urteak han eman zituen. Aurrean, inskripzio hau duen oroitarri bat dago: «Bakearen, askatasunaren eta demokraziaren alde. Faxismoa inoiz gehiago ez. Milioika hildakok ohartarazten digute». Barne Ministerioaren arabera, komisariak bigarren hiruhilekoan martxan egon beharko luke. Ludwig Laher holokaustoaren biktimak ordezkatzen dituen Austriako Mauthausen Batzordeko kidearentzat «polizia etxe bat problematikoa da, poliziak (...), sistema politiko guztietan, Estatuak nahi duena babestu behar duelako». Obrak amaitzear dauden arren, bistan da eztabaida zabalik dagoela oraindik.