GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Kolpea gero!


Atsotitz ezaguna abiapuntu hartuta: “Urrutiko sekretu ofizialak hamalau, argitaratu eta… zer demontre da hau?”. Intxaurretan ez dakit, baina sekretuetan sikiera laura ere heldu ez! Kolpea gero! Sekretuak deitzea ere! Arkeologia politiko holakoa! Espeleologoek sekretu gehiago aurkitu ohi dituzte hemen-horko kobazuloen barrenetan. Baina hango koba zer hartan ustez urteetan gordeta egon dena… ale-hop!, ahuntzaren gauerdiko eztula! Hondatua edo! Koba guztiak berdinak ez diren seinale. Itoginei errua botako, seguru asko, Diputatuen Kongresuko sabaian tiroek utzitako itoginei. Kolpea gero! Estatu kolpeaz ari naiz orain. Ez, ezin zaindari horien eskuetan utzi “Gioconda”. Baina “Gernika” dute oraindik han! Zelan amaituko! Tira, sekretu zer horien harira! Itxura batean, dokumentu horietan berriena hautsa bera da, eta sitsak, dena transgenikoa, seguruenik, eta ezabatu egin omen dute nonoiz nonoiz nonon beharbada idatzita utzi ahal izan zuen hura. Hutsuneak dira aztertu beharrekoak, testuak baino. Trascrittore traditore. Omen, amen!

Sekretua ez dena, ofiziala bada ere, ertzain batzuen inguruan sortzen diren iskanbilak dira. Istiluak esate aldera. Zaila egiten zait ulertzea zer duten horiek inguruko herritarren hanka artekoen kontra. Barrabilak ez esateagatik. Eta ez, antza, ez da uniforme kontua; batzuetan kaleko jantzita joanda ere… liskar! Berdin da janzkera, borra luzagarria dute gorputzean adar. Nik dakidanez, suhiltzaileek kaleko jantzita doazenean ez dute mahuka luzagarria aldean eramaten; agian oker nago. Tira, hasita nago ulertzen BMW berri horiena, ageriko sinbolorik ez dutenean ere: litekeena da aurrerantzean atzeko jarlekuan sanitario bat eraman behar izatea patruilatzean, zerbitzu osoagoa eskaintze aldera. Ertzain erizaina, edo.