GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Letalismoa


Pete Hegseth, Trumpen gerra-idazkariaren «letalismoa» histrionismo arrunta baino askoz gehiago ez zela uste genuenoi gertatzen ari zaigu duela 100 urte Alfred Rosenberg-ek zerabilen arrazialismo politikoaz antzeko zerbait pentsatzen zutenei gertatu zitzaiena: burutazioa geratzeko etorri dela onartu beharko dugula.

Bost axola dio baraila nabarmenduz ekintza-film merkeko protagonistaren plantak egiten baino askoz gehiago ez dakien Hegseth izatea doktrinaren igarle publikoa: luzaro irauteko asmoz dator letalismoa. «Enbarazu egiten badidazu, akabatu egingo zaitut». Zergatik? «Egin dezakedalako».

Eskola horretakoen aldean, Metternich edo Kissingerren pare geratzen ari dira corleonetarren prozedurak: «Etzak inoiz mehatxatu akabatu beharko duana»; «uko egin ezingo dion proposamena egingo diot». Aurtengo otsailaren 28koa da lekuko: «Negoziazio» baten erdian famiglia etsaiari erasoz ez ezik, «negoziazio» guztia segada zela adieraziz argi eta ozen. Letalismoa, bere goienean.

Baina duela 100 urte Madison Grant plagiatzen ari zen Rosenberg hura arazoaren muina ez zen bezalaxe, letalismoaren korapiloa ez datza Hegsethengan. Ezta, agian, haren gainetik dagoen Trumpengan; edo alboan dituen Vance, Rubio eta abarrengan. Ezta, ertzeraino joanda, Netanyahurengan ere. Alfer-lana da Hitlerren berraragiztatzeen bila hastea. Sakonagoa dirudi arazoak.

Argigarria izan daiteke Emmanuel Todd-ek egungo Mendebaldeko gizarteon ulerpenerako darabilen erlijioaren inguruko interpretazio-prisma: erlijio aktiboa > erlijio zonbia > zero erlijioa. Azken horretara iritsita omen gaude mendebaldarrok, baita Estatu sionista bera ere, noski. Netanyahuk sabbath betean egin duenak berretsita sentiaraziko zuen Todd.

Gure «zero erlijioaren» benetako korapiloa hortik aurrerakoa da, ordea. Dostoievskiren korolarioa dei genezakeena: «Jainkoa hil bada, zernahi da zilegi». Alegia, «akabatu egingo zaitut, egin dezakedalako». Jainkoaren izenean, agian.

Eta besteok ez?