GARA Euskal Herriko egunkaria
EUSKAL HERRIKO ARDI MOZTAILEEN SELEKZIOA

«Urrats handi bat emanda» itzuli dira Zeelanda Berritik

«Munduko moztailerik eta artilaririk onenekin batera» jarduteaz gain, Munduko Kontseiluko kide berri gisa onartua izan da Euskal Herria.

Ardi moztaileen euskal selekzioko kideetako bat. (EAME)

Euskal Herriko ardi moztaileen selekzioa «mugarri historiko berriak idatzita» itzuliko da Zeelanda Berriko Munduko Txapelketan aritu ondoren. Izan ere, han «munduko moztailerik eta artilaririk onenekin batera» jarduteaz gain, Munduko Kontseiluko kide berri gisa onartua izan da Euskal Herria. Horregatik ere, «urrats handi bat eman izanaren sentsazioarekin itzuli da selekzioa; ilusio handiarekin eta etorkizunera begira onena oraindik etortzeko dagoen ziurtasun betearekin». Txapelketan bizitako esperientzia dokumental batean jasoko dela iragarri dute, gainera.

Mastertonen, Zeelanda Berrian, egin da Golden Shears and Woolhandling Munduko Txapelketa. «Kirolaren esparrutik haratago, moztaileen sektorearen balio kateak egindako lanak eta grinak ereindako fruituak jasotzen hasi gara. Ezartzen ari garen mugarri historiko hauek guztiak dira horren guztiaren erakusleihoa. Hau, ordea, hasi besterik ez da egin. Moztaileon historia idazten jarraitzeko prest eta gogo biziz gaude», nabarmendu dute Euskal Herriko Ardi Moztaileen Elkarteko kide diren selekzioko moztaileek eta artilariek.

Balorazio hau egin dute lehiari dagokionez: «Izugarria izan da: maila, exijentzia, giroa, harremana, lehia eta entrenamenduak. Beste herrialdeetako moztaileekin eta artilariekin izandako elkarrizketak, trukeak eta bizitako uneak». Horrez gain, «Euskal Herriak nazioarteko eszenatoki handienean egotea merezi duela erakutsi dugu. Asebeteta sentitzen gara». Ikurrinak eta erabakitzearen aldeko mezuak erakutsi dituzte Zeelanda Berriko topaketan.