GARA Euskal Herriko egunkaria
TIP TOE

Gorrotoa alboko atean bizi denekoa


Russell T. Daviesek itxuraz etxekoa eta hurbila den istorio bat hartu du, auzoko kale batean kabitzen den horietakoa, askoz handiagoa den zerbaiti buruz hitz egiteko: behin betikoak ziruditen aurrerapen sozialak gure begien aurrean desegiten ari direla.

Leo Struthers (Cumming) hirurogei urte inguruko gizon gay bat da, taberna baten jabea. Clive Goss (David Morrissey), berriz, bere bizilagun heterosexuala da, ezkondua eta bi semeren aita. Ez dira lagunak, baina harreman adeitsua eraiki dute. Harik eta zerbait gertatzen den arte.

«Jada ez naiz munduan lehen bezain seguru sentitzen», dio Leok telesailaren une batean. Gatazkaren erdian, ikuslea haren alboan kokatzen da, haren zaurgarritasunaren lekuko. Cummingek bizitasunez eta hauskortasunez beteriko antzezpena eskaintzen du. Clive, berriz, desatsegina eta aurreiritziz betetako pertsona bada ere, ez da hasieratik munstro gisa aurkezten, baizik eta pixkanaka erradikalizatzen den pertsona arrunt gisa.

Telesailak erakutsi nahi du erradikalizazioa ez dela egun batetik bestera gertatzen. Clive ez da goiz batean esnatu eta, bat-batean, munstro bihurtzen. Atzean prozesu bat dago, tantaz tanta betetzen den edalontzi baten antzera.

Horren bidez, telesailak homofobia, transfobia, erradikalizazio politikoa, maskulinitate toxikoa eta sare sozialen bidez hedatzen den desinformazioa bezalako gaiak jorratzen ditu.

Zenbait unetan, ordea, telesailak gehiegi azpimarratzen du esan nahi duena. Diskurtso batzuk ozenegiak dira, eta mezuak gehiegi markatuta daude. Baina, agian, hori ere bada telesaiaren izaeraren parte. Ez du xuxurlatu nahi. Ez du ikuslea lasaitu nahi. Erne jarri nahi du. Bere akats eta gehiegikeriekin, 2026ko telesail britainiar aipagarrienetako bat da.