24 NOV. 2013 TXOKOTIK Asparagus officinalis IKER BIZKARGUENAGA KAZETARIA Duela aste batzuk Oihana Llorentek «Gaur8»-n militantzia ereduei buruz idatzitako erreportaje bikaina irakurtzeko aukera izan genuen, eta bertatik abiatuta, azken egunotan gai honi buruz hausnartzen jardun naiz. Izan ere, militantzia bera baino, betiere kolektiboaren mesedetan egiten den emankortasun ariketa gisa ulertuta, gainbeheran egon daitekeena gurean askotan hobetsi den militantzia eredua dela iruditzen zait. Logikoa ere bada, azken urteotan aldaketa nabarmenak izan baitira esparru politiko eta sozialean, aisia ulertzeko moduan eta pertsonen arteko harremanetan. Eskema zaharretako zurruntasuna eta zenbait egoeratan bultzatu den gregarismoa, gero eta ulergaitzagoak dira egungo gizartean, gaurko gazteak ez baitira duela 30, 20 edo hamar urtekoak. Baina, esandakoa: lehen bezala, orain ere, kontzientziak eta koherentziak bideratutako eskuzabaltasun hori berori agertzeko prestasuna duten milaka lagun daude gure artean. Edonola ere, eta gai honi buruz ari garela, ez litzateke une txarra izango militantziaz ez ezik herri mugimenduaz ere aritzeko. Hasteko, galdera batzuei erantzuteko tenorean gaudela uste dut, adibidez: 50 eragilek babesten duten eta hogei lagun biltzen dituen elkarretaratze bati «herri mugimenduaren» ekimena dei dakioke? Izan ere, Euskal Herria hain azkar aldatzen ari denean, beldur naiz zenbaitzuek duela hamarkada batzuetako dinamiketara lotuta jarraitzen ez ote duten, herriarekin duten harremanean, komunikazio lanetan, eta abar. Aldiz, herri harresiak, frackingaren kontrako mugimendua edo kaleratzeen kontrako mobilizazioak, horiek bai, herri mugimenduaren adibide arrakastatsuak iruditzen zaizkit. Herria zerbitzatzeko modu asko daude. Eta beste adibide bat jartzearren, Nagore Amondarainek egindako artikulu bat aipatuko dut, hau ere «Gaur8»-n argitaratua. Errigora izeneko ekimenaz idazten zuen, Argia ikastolarentzat 34.000 euro lortu eta gero, urte osoko proposamen bihurtu dena. Sekulakoa iruditu zitzaidan aldi berean euskarari eta Erriberako ekoizleei laguntzeko modu hori. Pentsa, euskal naziotasuna eta hizkuntza hain gogor zapalduak izan diren eskualde horretako ekonomia, euskara oinarri duen egitasmo batek suspertzeak ze eragin izango lukeen bertako jendearen pentsamoldean. Beraz, bakoitzak topa dezala herri honi laguntzeko modurik aproposena, baina ez ahaztu: jaten dituzuen frantses-porruak, zainzuriak, esparragoak, izan daitezela Errigorakoak. On egin!